Gaztardogi azokak 18 ekoizleren produktuak erakutsiko ditu

Joseba Derteano 2017ko aza. 29a, 09:02

Abenduaren 6an, San Nikolas egunean, Gaztardogi azokaren zazpigarren aldia antolatuko dute Izurtzako pilotalekuan. Guztira, 18 postu jarriko dituzte, 11:00etatik 15:00etara.

Postu askotan gazta, ardoa eta ogia izango dira nagusi, baina beste produktu batzuei ere egingo diete tokia: eztiari, loreei, ortuariei, sagardoari eta txakolinari, besteak beste. Aurtengo nobedadeetako bat Orozkotik etorriko den txorizoen postua da. “Lehenengo sektorea sustatzeko eta ekoizleei euren produktuak erakusteko helburua du azokak”, nabarmendu du Lorea Muñoz alkateak.  

Eguerdiko mezaren ostean, Izurtzako Mendigain dantza taldeak saioa eskainiko du plazan. Ostean, labeldun oilaskoagaz egindako pintxoak dastatzeko aukera eskainiko dute euro bitan. Izurtzan erroldatutakoek dohainik jan dezakete udalean txartelak erretiratuz gero. Azokan gastatzeko euro biko bonu txartelak ere eskuragarri jarri dituzte izurtzarrentzat.

Gaztardogi azokak irauten duen bitartean, Izurtzako jaietako argazki lehiaketara aurkeztu zituzten askoratiko argazkiekin osatutako erakusketa ere ikusgai egongo da jubilatuen lokalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!