Plan Orokorra osatzeko prozesu parte-hartzailea abiatuko dute bihar

Joseba Derteano 2017ko urr. 27a, 11:00

Kontrako epai batek behartuta, Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko fase denak berriro gauzatu behar ditu udalak. Lehenengo urratsa zapatu honetan emango dute. 11:00etan herriguneko frontoian hasiko den aurkezpenagaz prozesu parte-hartzailea abiatuko dute.

Plana onartzeko “premia handia” onartuta, prozesu “labur eta parte-hartzailea” proposatzen du udalak, deialdia egiteko diptikoan jaso duenez. Gainera, ez dira hutsetik hasiko. “Epaiak ez du baliogabetzen aurreko analisia, eta dokumentu erreferentetzat izango dugu”.

Herri ingurua aztertzen
Biharko aurkezpenean planaren gaur egungo egoera eta aurrera begirako kronograma azalduko dituzte. Ondoren, taldeka banatuko dira, diagnostikoa eztabaidatu eta aberasteko. Azkenik, 12:30ean, herritik ibilbidea egingo dute hurbileko eremuak aztertzeko.

Plan berrian lurren alderdi urbanizatzailea barik, herria bere osotasunean hartu gura dute ardatz. “Herriko balio natural eta sozialekin gehiago bat egingo duen gizarte garapena” bilatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!