Izurtzako argazki lehiaketara lehenengoz aurkeztu da aurten. 2010ean jubilatu zenetik argizkilaritza hobbya da beretzat eta kamera aldean eramaten du badaezpada. “Goizetan pasealdi bat ematean edo aukera dudanetan argazkiak ateratzea gustatzen zait. Jubilatu nintzenetik hona, askotan ibiltzen naiz. ETBko eguraldi saiora ere sarritan bidali ditut Durangaldeko argazkiak”, adierazi du Uriartek.
Trebetasun handiz gauzatzen duen zaletasuna da. Izurtzakoa ez da lehiaketa bat irabazten duen lehenengo aldia. Iaz Atxondoko Udaleko argazki lehiaketan sari bat jaso zuen. ANBOTOk egutegia osatzeko abiatzen duen argazki lehiaketako irudirik onena ere berea izan zen.
Izurtzan emazteak eta biek jaietako giroa bizitzeko bertara egindako pasealdia aprobetxatu zuen argazki irabazlea ateratzeko. Irudian, gazteak Gorritiren animaliekin jolasean ageri dira herriko plazan. 100 euroko saria irabazi du argazki horregaz.
Bi sari gehiago
Bigarren eta hirugarren argazkirik onenentzat ere sariak izan dira. Alfonso Maciasek 75 euro irabazi ditu bigarren argazkirik onenagaz. 50 euroko hirugarren saria Cristina Morarentzat izan da.