Ezgaitasunen bat duten bederatzi saharar etorri dira aurten Izurtzara

Anboto 2016ko uzt. 7a, 11:40

Tindufeko kanpalekuetan bizi diren gazte saharar batzuek Izurtzan emango dute uda. Rio de Oro elkarteak aurten laugarrenez gauzatuko duen elkartasun ekimena gero eta txertatuago dago eskualdean.

Horren lekuko dira azken hileetan askotariko elkarteek ekimenari laguntzeko egindako diru bilketak: Durango Rugby taldearena (1.514 euro), Fair Play Padel klubarena (3.323 euro), Arymuxen laguntza, Eroskirena eta Durangoko eta Iurretako udaletxeen laguntza, besteak beste: “Lau-bost elkarte desberdinetatik jaso dugu diru-laguntza. 600 eta 300 eurotik gorako donazio anonimoak ere izan ditugu. Egia esanda, aurtengoa mundiala izan da, eta esker oneko gaude”, dio Aitor Lejarazu Rio de Oroko kideak. Diru-iturri hori bidaiak, egonaldiak, janaria… ordaintzeko erabiliko dute.

Aurten 6-11 urte arteko bederatzi ume saharar etorri dira, aurreikusitakoa baino bi gutxiago: “Baten gurasoek atzera egin dute azken unean. Guraso batzuei kosta egiten zaie hile bian seme-alabei joaten uztea. Azken batean, gu ezezagunak gara eurentzat, eta ezgaitasunen bat duten umeak dira. Abenduan baietz esan ziguten, baina azken unean beldurra-
edo sartu zaie, eta ezetz erabaki dute. Bigarren gazteak, berriz, Mauritaniara joan behar izan du azken orduan gurasoekin”.

Azken hori taldeko beteranoena zen. Orain Mohamed
Yahya-k hartu dio lekukoa. Aurten hirugarrenez etorri da 2014an bihotzeko ebakuntza egin zioten gaztea: “Aste bi barru du hitzordua kardiologoagaz, baina ederto etorri da, pozik eta saltoka”. Aurten hiru ume berriak dira, aurretik etorri gabekoak. Den-denei mediku azterketak egingo dizkiete.

Hemen dauden hile bietako agenda bete-beterik dute: igerilekura, hondartzara, txangoak…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!