Cristina Mora: "Delibesen literatura omendu gura izan dut obra honegaz"

Anboto 2015ko aza. 2a, 12:25

Cristina Mora izurtzarra –zutunik, antzezlanaren gidoia eskuartean duela–, Mila Infanzón lankideagaz.

Azaroaren 6an Bilborocken antzeztuko dute Cristina Mora izurtzarrak eta Mila Infanzon lagunak idatziriko 'Nadie te llora' obra.

Zelan sortu zen Mila Infanzón lagunagaz ‘Nadie te llora’ antzerki obra idazteko ideia?
Ikus-entzunezko mundutik gatoz biok, eta antzezlan hau sortzen hasterakoan, giza eskubideen inguruko film labur bat amaitu berri genuen. Neu hasi nintzen idazten, baina hainbat zalantza nituen, eta laguntza eske joan nintzaion Milari.

Zer ekarpen egin dio Infazonek zuk idatzitakoari?
Ni oso pertsona lasaia naiz, eta obrako pertsonaiek zakartasuna behar zuten: gauza politikoki ez-zuzenak esatea. Obrari ukitu hori ematen lagundu dit Milak. Antzezlaneko pertsonaiak nekazariak dira, ikasketarik gabeak. Baina, sufrimenduaren eta injustiziaren aurrean, indarra erakusten dute.

Zein izan zen obra idaztera bultzatu zintuen hasierako ideia?
Beti egon izan naiz antzerkiagaz maiteminduta, baina daukan prezioagaz, ezin izan dut nahi beste emanalditara joan. Oso gaztetatik, antzezlan asko irakurri izan dut, eta neuk idazteko grina sortu zitzaidan. Ideia hori buruan nerabilen sasoian, Miguel Delibes, nire idazle kutunena, hil zen, eta asmoa gauzatzen saiatzea erabaki nuen. Hasieratik, Delibesen nekazaritza-munduari buruzko literatura omentzea gura izan dut.

Zertan ikusten da Delibesen eragina ‘Nadie te llora’ obran?
Istorioak ez dauka zerikusirik Delibesenarekin, baina badaude bere lanari erreferentzia batzuk. Los santos inocentes-en agertzen diren miseria, ezjakintasuna, hobetzeko desioa, gosea, etab. presente daude gure antzezlanean ere. Obraren lehenengo bi ekintzak, esaterako, gaubeila batean gertatzen dira, Delibesen Cinco horas con Mario-n bezala.

Non kokaturikoa da istorioa?
Gaztelako herri batean, 50eko hamarkadan. Lan handia egin dugu garai eta leku horretako jantziak lortzen ere...

Zeintzuk gai agertzen dira antzezlanean? Zein da istorioa?
Herriko jauntxoa hil egin da, eta hildakoa gorroto duten arren, hainbat herritar elkartu dira gaubeilan, otoitz egiten. Azkenean, baina, hildako kazikeak jende horri egindako ankerkeria guztien kontakizuna bilakatzen da gaubeila izan behar zena. Tragikomediaren ezaugarriak ditu antzezlanak, baina amaiera baikorra du.

Idazkuntzan ezezik, antzezlana osatzeko beste prozesu guztietan ere parte hartu duzue?
Bai, prozesu guztietan hartu dugu parte Milak eta biok; jantziak bilatzen neu ibili nintzen Salamancan, esaterako, eta baita aktoreen casting-era etorri ziren ehun lagunen artetik gure pertsonaiak hautatzen, edo diru-laguntza eskariak egiten.

Lortu duzue proiektua gauzatzeko diru-laguntzarik?
Diru-laguntza eskatu diogun hainbat erakundek ukatu egin digu laguntza, obra gaztelaniaz idatzita dagoela arrazoituta. Diskriminatuak sentitu gara, alde horretatik. Zailtasun handiekin, eta lagunen babesari esker atera dugu proiektua aurrera. Duintasunagatik egin dugu aurrera, diru-laguntzarik barik ere, uste baitugu eskubide osoa dugula nahi dugun hizkuntzan adierazi eta sortzeko. Ez daukat ezer euskararen kontra, oso pertsona irekia naiz, baina ezin naute euskaraz idaztera behartu, euskaraz idazten duena gaztelaniaz egitera derrigortu ezin daitekeen bezala. Nire hizkuntza gaztelania da, eta hizkuntza horretan idaztea hautatu dut.

Obra azaroaren 6an Bilborocken aurkeztu eta gero, beste emanaldirik egingo duzue?
Hasieratik, argi eduki dugu proiektu zehatz hau gauzatzeko elkartu garela, ez garela antzerki konpainia bat. Hasieratik adostu dugu, baita, estreinaldiaren ostean, beste emanaldi bat ere eskainiko genuela, posible bada, Durangaldean. Baina ez daukagu antzezlana hor zehar eskaintzeko baliabiderik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!