Carmelo Irastorza: "Herritar guztiek pasatu beharko lukete alkatetza kargutik, zer den ezagutzeko"

Anboto 2014ko aza. 2a, 10:00

Izurtza barru-barrutik ezagutzen du Carmelo Irastorzak. Alkate izan zen legegintzaldi batez, Izurtzako Herritarrok alderdiaren buru. Politikagintzak oroitzapen onak utzi dizkiola aitortzen du. Orain, jubilatuen elkarteko presidentea da.


Zenbat urtean izan zinen Izurtzako alkate?
Legegintzaldi batean izan nintzen alkate, 1991tik 1995era.

Zelako esperientzia izan zen?
Sasoi polita izan zen alkatetzan igarotakoa. Uste dut herritar guztiek pasatu beharko luketela alkatetza kargutik, zer den ikusteko. Batzuen ustez, ondo egiten duzu, eta, beste batzuen ustez, ez hain ondo. Egin nuenagaz pozik gelditu nintzen. Gainera, laguntzen zidaten pertsonak izan nituen aldamenean. Juan Luis Azkarraga, esate baterako.

Alderdi independentea sortu zenuten.
Izurtzako Herritarrok zuen izena. Gure taldea, gehienbat, jubilatuen etxea dagoen eraikina bultzatzeko sortu genuen. Herriko jendea elkartzeko topagune bat sortzea zen asmoa. Aurreko gobernu taldeak gazteentzako zer edo zer egin nahi izan zuen, baina guk gazteentzako eta nagusientzako lekua sortu gura genuen. Sasoi hartan eraikin hau egitearen kontra bozkatu zutenak, gaur egun, elkartean egoten dira.
Ondoren, politikan jarraitu zenuen, baina ezker abertzalean. Aldaketa hori zelan bizi izan zenuen?
Hurrengo legegintzaldi biak oposizioan egin nituen. Elkartearen eraikina egitea lortu genuenean, alderdi independentea desegin egin genuen. Jendea aspertu egin zen. Orduan, oposiziora pasatu nintzen.

Herri txiki batean alkate izateak izango ditu bere zailtasunak.
Jendeak kalean topatzen zaitu, eta edozer gauzagaz etortzen zaizu. Pilar Ardanza zen sasoi hartan Durangoko alkatea, eta zera pentsatzen nuen: “Sekula ez dut inor Pilar gelditzen ikusten”.

Familiak zelan bizi zuen zu alkate izatea?
Etxean udaleko gaiak alde batera uzteko esaten nien. Galdetu ere ez zidaten egiten.

Politikan gustura ibili zinen?
Diputaziora joaten ginen, eta baietz esaten ziguten, eta gero ezetz. Horrela ibiltzen ginen. Gure artean, baina, ez genuen haserrerik izan. Amankomunazgoko beste alkateekin ere beti ondo konpondu izan naiz. EAJko batek esan zidan behin nigaz bere alderdikoekin baino hobeto konpontzen zela [barrez].

Jubilatuen elkarteko presidentea zara orain.
Urte bi izaten dira karguan, eta urtebete daramat oraingoz.  Ondo gabiltza, ez da arazorik izaten.

Zenbat jubilatu zarete elkartean?
28 jubilatuk dihardugu, eta horietatik zazpi-zortzi gara gizonezkoak. Eta gazteena neu naiz. Gaur egun jende asko dago erretiroa aurreratuta edo erretiratuta, gazteak dira, eta elkartean sartu beharko lukete. Dei egin gura nieke beraiek ere elkartean parte hartu dezaten.

Urtean barrena zelako ekintzak antolatzen dituzue?
Astean behin gimnasia antolatzen dugu. Hainbat hitzaldi ere izaten ditugu. Eta urtean bazkari bi ditugu.

Izurtzan zer aldatuko zenuke?
Errepideari buruzko proiektua. Errepidea erreka ostetik pasatuko nuke. Egitasmo hori hainbat gobernu taldek bultzatu dute, baina onartu behar dutenek ez dute onartzen. Orain kamioi handiagoei Urkiolatik pasatzeko baimena eman diete, eta trafiko igoera nabaritu dugu.

Zure osteko alkateek ondo jardun dute?
Bai. Inguru honetan guk etxebizitza sozialak planteatu genituen, eta beraiek txaletak eraiki gura zituzten. Ez dut beste kexarik. Txaletak eraikiz gero, jendea lo egitera baino ez da etortzen, batzuk herrira egin diren arren. Gazte asko kanpora joan dira bizitzera.

Politikari izan aurretik kirolaria izan zinen.
Eskubaloian jokatu nuen Logroñon eta Zaragozan, lau urtez. Peritu-ikasketak Logroñon egin nituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!