Nola bururatu zaizu pala txapelketa berreskuratzea?
Sei urtez profesional mailan jokatzen ibili ondoren, beti izan dut gogoa herrian txapelketaren bat antolatzeko. Orduan, alkatearekin hitz egin, eta baiezkoa eman zidanez, aurrera egitea erabaki nuen. Azken batean, ni izan naiz dena antolatu duena. Gutxi gorabehera hilabete bakarrean lotu dut dena, babesleak, dirua… Beraz, jendeak erantzun ona izatea espero dut; kirolariek eta ikusleek, guztiek disfrutatzea.
Txapelketa astelehenean hasi zen, eta hilabete osoa iraungo du.
Lehiaketak hilabete inguru iraungo du. Nire asmoa, finalak martxo aldera jokatzea da. Partiduak, hasiera batean, aste barruan izango dira, baina salbuespenen bat ere egongo da. Nafarroako bikote bik aste barruan ezingo dute etorri, beraz, horiek asteburuan jokatuko dute. Gainontzeko bikoteek astelehenetik ostiralera jokatuko dute.
Txapelketa nola dago antolatuta?
Bi mailatan. Lehenengo mailakoen artean, hainbat profesional ohik jokatuko dugu, Javier Iriondok eta nik, besteak beste. Izena emandakoen artean Bizkaiko onenak daude. Hala ere, aitortu behar dut bikote gehiago egotea espero nuela. Askok, txapelketan izena eman baino lehen, ea nortzuek parte hartuko duten galdetzen dute, eta profesional izandakoak daudela konturatzerakoan atzera egiten dute. Argi dago denoi gustatzen zaigula irabaztea. Baina pala txapelketaren helburu nagusia pixka bat izerditzea eta ondo pasatzea da.
Zulodun palarekin eta gomazko pilotarekin arituko zarete txapelketan.
Profesional mailan jokatzen den palarekin jokatzea ezinezkoa izango litzateke, horrekin Iriondok eta biok bakarrik jokatu ahalko genuke. Zuloduna ez den pala batek kilo bateko pisua du, eta pilota ere larruzkoa da. Nik gurago izaten dut zulodun palarekin eta gomazko pilotarekin jokatu, frontenisean ibili baino.
Pilotalekuko modalitateen artean, batzuek frontenisaren alde egiten dute eta beste batzuek palaren alde.
Azken batean, frontenisean edonork jokatu dezake, baina palan ez. Bigarren horretarako indarra behar da, palak pisu handiagoa baitu, eta askoz zailagoa baita. Pilotalekuko modalitateak honela definituko nituzke: esku pilota gogorra, pala zaila eta zesta-punta ikusgarria.
Bestalde, orain dela 25 urteko txapelketak eta zuk antolatu duzunak antzekotasunik badute?
Ez, batere ez. Orduan antolatu zen txapelketan gutxi gorabehera berrogeita hamar bikotek parte hartu zuten. Torneo hura oso handia izan zen. Irabazleak nortzuk ziren ere gogoan daukat, Irazola eta Mendia abadiñarrak. Aurtengoan, askoz bikote gutxiago egongo dira, baina jendeak kirola egin dezan, hamar bikoterekin ere nahikoa da.
Garai hartan 14 urte zenituen. Nola gogoratzen duzu txapelketa hura?
Oso polita. Gainera, jende asko batzen zen. Final egunean, Izurtzako pilotalekuaren inguruan 150 pertsona baino gehiago batu ziren. Orduan, gaur egun baino diru gehiago ere bazegoen, eta txapelketa antolatzea errazagoa zen. Sariak ere izugarriak izan ziren.
Bukatzeko, sei urtez profesional mailan egon zinen, nolakoak izan ziren urte haiek?
1990ean debutatu eta 1996ra arte ibili nintzen maila gorenean, Asegarcen. Urte haiek nire bizitzako onenak izan ziren. Maristetan nengoenean, 14 urterekin, banekin profesionala izango nintzela. 15 urtetik 18ra Bilboko Pilota Eskolan ibili nintzen, eta urte horietan bi aldiz Espainiako txapeldun, eta behin txapeldunorde izatea lortu nuen. Interesa jarrita eta pilotalekuan ordu asko sartuta lortu nuen maila gorenera igotzea. Azken batean, txikitatik pilotalekuan sartuta egon naiz. Palan ere, kirol guztietan bezala, entrenatuz gero eta saiatuz gero, helburuak lortu daitezke, baina osterantzean ez dago zereginik.