Kaleko kultura eta dantzek beteko dute Arriolako eszenatokia

Anboto 2011ko urt. 29a, 10:00

Hirugarren edizioa du kale dantzen Elorrioko Aka Dantz lehiaketak. Gaur, 18:00etan, Arriolan da \"askotan oholtzetan lekurik izaten ez duten talde eta dantzariei eszenatoki bat eskaintzea\" jomuga duen hitzordua.

Hirugarren edizioa du kale dantzen Elorrioko Aka Dantz lehiaketak. Asteon antolatzaileei galdetu diegunean, dagoeneko bederatzi bat taldek emana zuten izena. Urtarrilaren 29an, 18:00etan, Arriolan da \"askotan oholtzetan lekurik izaten ez duten talde eta dantzariei eszenatoki bat eskaintzea\" jomuga duen hitzordua. Lehenengo ediziotik hartutako bidetik jarraituta, kale dantzen inguruan diharduten lagunei Arriola antzokiko oholtza eskaintzeko helburuagaz antolatu dute Aka Dantz. Hirugarren edizioa du gaur jokatuko duten kale dantzen Elorrioko lehiaketak. Lehenengo Elorrion antolatzen hasi ziren eta udaberrian Bilbon aurten hamargarrenez egingo duten Break On Stage jaialdiaren filosofiaren haritik, \"askotan lekurik ez daukaten dantza adierazpideetan diharduten talde eta dantzariei eszenatoki bat eta eskura ditugun baliabide tekniko guztiak (argiak, soinua...) eskaintzea\" da antolatzaileen berbetan lehiaketaren helburua. Arriola antzokian 18:00etatik aurrera gertatuko dena, baina, lehiaketa bat da. Hainbat sari eskuratzeko aukera parte hartzen duten dantzarientzat: 300 euroko lehenengo saria eta 150 euroko bigarrena eskainiko dizkiete modalitate bakoitzean epaimahaiak onentzat jotzen dituzten taldeei. Izan ere, aipatutako moduan, kaleko dantzen hiru modalitateetan jardungo dute dantzariek. Urban style, Jazz funk eta Breakdance modalitateetan epaimahaiak irabazle bana eta bigarren sailkatua hautatuko ditu. Gutxienez lagun bik eta gehinez seik osatutako taldeetako parte-hartzaileek hiru minutu inguruko koreografiak aurkeztuko dituzte. Dantzari esperientziadunek eta antolakuntzako kideek osatutako epaimahaiak, bere partetik, \"lanen kreatibitatea, musikaren originaltasuna, dantzaren kalitatea eta talde lana\" hartuko dituzte kontutan, adierazi dutenez. Lehiaketarako izena emanda zortzi-bederatzi talde dituztela azaldu digute, asteon galdetu diegunean, antolatzaileek. Arriolan jaio zen eta dagoeneko oso egonkortua dagoen Break On Stage jaialdian parte hartu ahal izateko aukera moduan ikusten dute Aka Dantz parte-hartzaile askok. Izan ere, urtarrilaren 29ko lehiaketako sari berezia Break On Stage lehiaketan parte hartu ahal izatea baita. Apirilaren 9an, Bilboko Casillan ospatuko dute hamargarren edizioa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!