Euskara Mahaia sortu dute Iurretan, euskarari bultzada berria emateko

Anboto

Ibarretxe kultur etxean aurkeztuko dute azaroaren 30ean, 18:30ean. AROA marko estrategikoaren ondorioak eta etorkizuneko lan-ildoak ezagutaraziko dira bertan.

Euskara Mahaia jaio da Iurretan, herrian euskararen erabilera indarberritzeko eta euskaldunen komunitatea ahalduntzeko beharrari erantzuteko. AROA marko estrategikoaren barruan sortu da, eta azaroaren 30ean jendaurrean aurkeztuko dute. Ibarretxe kultur etxean izango da ekitaldia, 18:30ean.

Herritarrei eta tokiko elkarte zein eragileei sortu berri duten mahaiaren nondik norakoak azalduko zaizkie azaroaren 30ean egingo den ekitaldian. Izan ere, herritar, elkarte eta eragileen elkargune izateko bokazioz jaiotako ekimena da. Ekitaldian zehar, AROA zer den eta marko hori baliatuz herrian egindako ibilbidea eta ateratako ondorio nagusiak aurkeztuko dira, ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez.

Euskararen erabilera eta biziberritzea aro berrira egokitzeko tresna estrategiko da AROA, eta herriko erronkei erantzuteko bidea eskaini gura du. Ekitaldi dinamikoa eta hurbila izango dela jakin eragin dute, eta herriko bertsolari gazteen bertsoak, Iurretako bitxikeriak eta Irati Otaduiren kantuak bilduko ditu. Ekitaldian parte hartzera  deitu dituzte herritarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!