Iurretan biztanleria ia bikoiztu egin zen 60ko hamarkadan: 1960an 2.586 biztanle zituen, eta handik hamar urtera 4.814 pertsonara igo zen datua. Biztanleriaren hazkunde horren ondorioz Iurreta eraldatu egin zen urbanistikoki, demografikoki, zein kulturalki. Bada, 60ko, 70 eta 80ko hamarkadatan Iurretara etorri ziren pertsonen migrazio aldia ikertzeko egitasmoa sustatuko du udalak, EH Bilduren ekimenez. Koalizio subiranistak ohar batean azaldu duenez, "Iurretako historiaren parte dira pertsona horien historiak, eta onartu berri den egitasmoa memoria jasotzeko garrantzitsua izango da". 60ko hamarkadan bezala, orain ere migrazio aro batean murgilduta gaudela gaineratu dute. "Munduko ertz guztietatik etorri dira iurretar berriak", diote.
60ko hamarkadatik aurrerako industrializazioaren eraginez fabrika eta lantegi ugari zabaldu ziren Durangaldean, Iurreta bertan ere bai. Ibaizabal errekaren inguruetan, Santa Apolonian, Mallabienan, Iturburun eta Olaburun altxatu ziren enpresak. Horregaz batera, jende asko etorri zen lanera, azaldu du EH Bilduk. “Euskal Herritik eta Espainiako Estatuko herrietatik etorritako ehunka lagun haiek euren sustraiak atzean utzi behar izan zituzten, bizi hobe baten bila pauso bat emateko. Gaur egun ezagutzen dugun Iurreta ulergaitza litzateke haiek barik. Lan egitera etorri ziren, gurekin batera Iurreta eraiki zuten, eta pertsona horietako asko, baita haien seme-alabak ere, gaur egun Iurretako bizilagunak dira. Haien historiak Iurretako historiaren parte izan behar du”, EH Bilduko Iñako Gurrutxaga zinegotziaren berbetan.
"Galtzeko arriskuan dagoen memoria"
Iurretako EH Bilduren iritziz "beharrezkoa" da, 60, 70 eta 80ko hamarkadetan gertatu zen migrazioaren memoria jasotzea, “galtzeko arriskuan" dagoelako. Gurrutxagak azaldu duenez, "garai hartan etorri ziren pertsonak gaur egun adinekoak dira, eta haien bizipenak jasotzen ez baditugu, gure herriaren historiaren zati garrantzitsu bat ahanzturan geratuko da. Horregatik, mozio honek premia handia du. Urte bakoitza igaro ahala, berreskuratu ezingo ditugun lekukotzak galtzen ari gara”.
EH Bilduk eskatu du ikertzaile eta erakunde adituekin batera, ikerketa-egitasmo bat sustatzea, etorri zirenen memoria jasotzeko eta herriak bizi izan zuen aldaketa demografiko eta soziala aztertzeko. Egitasmoa 2027an abiatzea ere eskatu dute, eta horretarako diru-partida lotzea, udal aurrekontuan. Koalizio subiranistak aurkeztutako mozioa aho batez onartu dute azken udalbatzarrean.