Iurretako Udalak datorren urtean indarrean egongo diren ordenantza fiskalak onartu ditu. Hartara, udal tasak %3,6ko igoera orokorra izango dute 2027an. Udal-zerbitzuen iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko erabaki dute eguneraketa. "Kostuak handitzen doazen heinean diru-sarrera egonkorrak eta nahikoak mantentzea da helburua, udal-zerbitzuak emango direla ziurtatzeko", azaldu dutenez. KPIaren aldaketagaz bat datorren igoera onartu dute. Udal gobernuak eta PSE-EEk bozkatu dute eguneraketa horren alde. EH Bildu abstenitu egin da.
Bestalde, Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ) aldaketak egitea onartu du Iurretako udalbatzak. Kasu honetan aho batez. Batetik, higiezinen erabileraren araberako zerga-tasa moldatuko da, eta zerga-sistema bereizia izango dute bizitegi-jabetzetarako, merkataritza- eta industria-jardueretarako eta bizitegirako ez diren beste erabilera batzuetarako higiezinek. Hartara, zerga-tasa murriztu egingo da bizitegi-eremuan, etxebizitzei aplika dakiekeen tasa murriztuz eta herriko familien zuzeneko karga fiskala arinduz.
Bestetik, katastro-balio handienak dituzten merkataritza- eta industria-higiezinetarako, eta, bizitegikoak ez diren beste erabilera batzuetarako tasa bereiztuak jasoko dira. "Kasu horietan, enpresa batzuek euren ekarpena doituko dute aplikatu beharreko tasa berrien arabera", argitu dute
Horrez gain, OHZn neurria berriak jaso dituzte, alokairu soziala sustatzeko eta etxebizitza hutsak kalera ateratzeko helburuagaz: batetik, %50eko hobaria izango dute Eusko Jaurlaritzak alokairu soziala sustatzeko zein etxebizitza hutsak ateratzeko bultzatutako programetan parte hartzen duten etxebizitzek. Aldiz, % 50eko errekargua aplikatuko zaie arrazoi justifikaturik gabe modu jarraian hutsik dauden etxebizitzei, ordenantzan ezarritako baldintzen arabera.
Familia ugarientzako zein guraso bakarreko familientzako hobariak ere jaso dituzte ordenantza fiskaletan. "Hainbat familia-errealitateri erantzuteko eta gizarte-babesa indartzeko hobari berriak" izango dira, azaldu dutenez.