Alokairua ordaintzeko laguntzak emango dituzte gazteentzat Iurretan

Anboto

Iurretan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntzak izango dira. Azaroaren 16tik abenduaren 15era bitartean egin daitezke eskariak.

Iurretako Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru-laguntzak emango ditu, herriko gazteei zuzenduta. Laguntzaren zenbatekoa hileko alokairuaren %50era artekoa izango da. Zehaztu dutenez, gehienez, 250 euroko diru-laguntza lortzeko aukera izango dute gazteek.  Udalak 9.000 euroko diru-poltsa lotu du horretarako.

Azaroaren 16tik abenduaren 15era bitartean egin dezakete eskaria 18 eta 35 urte bitarteko gazteek. Azken urte bian Iurretan erroldatuta egon dela egiaztatu behar da eta alokairu kontratu bat aurkeztu, hileko 750 eurotik gorakoa ez dena. Eskariak HAZn bideratu daitezke, edo udaleko webgunearen bitartez.

Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, "gazteei euren herrian bizitzeko proiektua eraikitzen laguntzea da helburua. Laguntza horien bidez, alokairuko merkatura sartzeak dakarren zama ekonomikoa arindu nahi da, haien autonomia eta independentzia bultzatuz, eguneroko ingurunea alde batera utzi behar izan gabe".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!