De Carlosek azaldu duenez, Iurretan gaur egun ez daukate pediatria zerbitzurik, "eta horrek eragin zuzena du txikien ongizatean eta osasunean". "Hiru urteko alabaren azterketa medikoa hile eta erdi atzeratu digute, eta erizainak ez digu ziurtatu pediatra egongo denik”, argitu du. Bestalde, hile biko ume jaioberriaren azterketa medikoa asteon izan dute: umea erizainak ikusi du Iurretan, baina pediatrak Durangon ikusi du. Arazoa larria dela esan du: “Jaioberrien eta umeen nahitaezko berrikuspenetan atzerapen kezkagarriak izaten dira eta eragozpen logistiko alferrikakoak eragiten dira. Gainera, bakoitzean pediatra batek artatzen du umea. Arreta-ezak eta kolapsoak eragina dute gure seme-alaben oinarrizko asistentzian”, esan du De Carlosek. Argitu du beste hainbat gurasok ere arduraz bizi dutela egoera.
Umeek kalitatezko eta gertuko Osasun publikoa merezi dutela esan du De Carlosek, eta ume baten lehen aste eta urteak oso garrantzitsuak direla. Osakidetzan kexa aurkeztu du. "Irtenbide azkar eta behin betikoa" eskatzen du, "Iurretan pediatria-plaza bete dadin".