Zazpi proiektu aukeratu dituzte Iurretako aurrekontu parte hartzaileen bozketa-faserako

Anboto

Iurretako irudia (Argazkia: Iurretako Udala)

Iurretarrek urriaren 18ra bitartean bozkatu ahal izango dute, Iurretako Udaleko webgunean, herrian ipinitako hainbat tokitan jarritako kutxetan eta herrian egokitutako informazio gunetan. Urriaren 15ean, berbaldi ireki bat egingo dute proposamenen nondik norakoak azaltzeko. Nagusien Zentroan izango da, 17:00etan.

2027ko aurrekontu parte-hartzaileen bozketa-fasea zabaldu du Iurretako Udalak. Iurretarrek egindako 375 ekarpenen artean zazpi proiektu hautatu dituzte, azterketa teknikoa egin ondoren. Urriaren 18ra arte iraungo duen bozketa-fasean, proiektu horien artean bi lehenesteko aukera dute iurretarrek. 

Boto gehien jasotzen dituzten bi proiektuak garatzeko 50.000 euroko aurrekontua izango du udalak. Honako proiektu hauen artean aukeratu dezakete herritarrek:

  • Santa Apoloniaraino doan bidegorria egokitzea: argiztapena hobetzea eta bankuak, iturriak eta hiri-altzariak jartzea (50.000 euro).
  • Irisgarritasuna egokitzea: udalerriko pasabideak eta puntuak hobetzea (30.000 euro).
  • Adinekoentzat egokitutako eserlekuak altuera erosoan jartzea, hainbat gunetan (5.000 euro).
  • Arriandi eta Beresiko aisialdirako guneetan barbakoak, mahaiak eta hiri-altzariak jartzea (45.000 euro).
  • Kalistenia parkea eta eremu bio-osasungarria sorztea: aire zabaleko ariketa-eremu berria (50.000 euro).
  • Zuhaitzak eta loreak landatzea: Herriko hainbat puntutan apainketa lanak (6.500 euro).
  • Euskaldunberri parkea berritzea: lurzorua eta joko-elementuak hobetzea, piramidea kasu (36.000 euro).

Oskar Koka alkatearen berbetan, aurrekontu parte-hartzaileak "funtsezko" tresna dira "herri parte-hartzaileagoa, eta irisgarriagoa lortzeko, herritarrek herritarrentzat pentsatutako herria". Ohar batean gaineratu duenez, "orain da momentua iurretarrek erabaki dezaten zeintzuk diren herriaren benetako lehentasunak 2027ra begira".

Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ), udaletxean, kultur etxean, farmazian, harategian eta okindegian ipinitako postontzien bitartez bozkatu daiteke. Urriaren 15ean, Dantzari plazan jarriko den informazio karpan ere egongo da horretarako aukera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Gainera, urriaren 16an, udal teknikariak auzoetara joango dira informazioa ematera, parte hartzea errazteko. Online bozkatzeko aukera ere egongo da, udaleko webgunean prestatutako galdetegiaren eta QR kodearen bitartez. Hala eman dute jakitera udal arduradunek.

Urriaren 15ean, berbaldi ireki bat egingo dute proposamenen nondik norakoak azaltzeko. Nagusien Zentroan izango da, 17:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!