Iurretako Jaiak

"Iurretagaz lotura handia dut eta esperientzia hori baliagarria izan zait kartela egiterakoan"

Joseba Derteano

Emma Aguilar Jauregiren (Artea, 1992) kartelak iragarriko ditu aurtengo San Migel jaiak. Aguilar ez da bertakoa, baina aspalditik du hartu-emana herriagaz. Doniel Atxa karteleko elementu zentrala dela, jaietako beste hainbat osagai sartu du kartelean. Koloreei dagokienez, Iurretako Elizateko banderaren koloreak aukeratu ditu. 

Artearra zara, baina ondo ezagutzen duzu Iurreta.
Bai, eta esperientzia hori oso lagungarria izan zait kartela diseinatzerako orduan. Ez naiz iurretarra, baina lotura handia dut herriagaz. Tailerrak eman ditut institutuan eta Abadetxean, jaietako kamisetak eta zapiak serigrafiatzen ditut… Jai batzordeak beti ondo helarazi dit Iurreta eta jaiak zer diren, eta jaietan ere egon izan naiz. 

Hasieratik argi izan duzu diseinuan zer bide hartu ala kartelaren hainbat bertsio izan duzu buruan?
Lehenengo, ondo irudikatu behar izaten dut kartela neure buruan, eta gero hasten naiz paperean zirriborroa egiten eta zenbait konposiziogaz jolasten. Horren ondoren, beti dago denbora elementuak edo konposizioa aldatzeko. Iurretako kartelaren kasuan, hasieratik argi neukan nondik jo. Marraztu nuen lehenengo bozetoa gustatu egin zitzaien eta horregaz jarraitu nuen. 

Kartelari begiratuta, Doniel Atxa da lehenengo begiratuan arreta ematen duen elementua. Zergaitik aukeratu zenuen irudi nagusi legez?
Iurretarrek Doniel Atxa jasota hasten dituzte jaiak, eta unea berezia izaten da herrian. Omenaldi moduko bat egin gura nion kartelean. 

Beste hainbat elementu ere ageri da kartelean.
Bai. Esaterako, dantzarien abarketak, dantzariek lotura handia dutelako jaiekin eta herriagaz. Irudi hori ipintzea garrantzitsua iruditu zitzaidan. Kartelean sua ere islatu dut, jaien azken egunean jaietako zapia erre egiten delako. Bestalde, aurtengo mozorro eguneko gaia Apirileko Feria denez apain-orrazi bat gehitu dut kartelean. Gero, Doniel Atxaren azpiko aldean eskailera batzuk ipini ditut, jendea ongi etorria izango dela adierazteko. Gonbidapen bat da: "Igo zaitez plaraza Doniel Atxa ikustera".

Lehenengoz ikusi nuenean, plazatik elizara igotzeko dauden eskailerak etorri zitzaizkidan burura.
Horixe zen intentzioa. Ideia argazki batetik hartu nuen. Elizako arkupetik plazarantz ateratako argazki bat da, eta eskailerak eta Doniel Atxa ikusten dira. Kartelerako elementu interesgarria iruditu zitzaidan. 

Karteleko koloreei buruz zer diozu? 
Iurretako Elizateko banderaren koloreak aukeratu ditut. Dantzariek erabiltzen duten bandera da, oso polita, eta kolore erakargarriak ditu. Hasieratik argi nuen kolore horiek erabiliko nituela. 

Aurretik izan duzu esperientziarik kartelgintzan?
Beste arlo batzuetan gehiago aritu naiz; adibidez, kamiseten diseinuan eta antzerakoetan. Horretara ohituago nago. Torontile da nire marka. Kartelgintzan ez dut hainbesteko esperientziarik. Iurretakoaz gainera, Izurtzako jaien barruan egiten den Gertufest jaialdiko kartela diseinatu dut. Jai hauek irailean izan dira. Beste kartel batzuk ere egin ditut, baina nire estiloagaz hauxe izan da lehenengoa. Iurretako kartelean gehiago ikusten da Torontile proiektuaren atzean dagoen lanketa hori. Jendeak errazago identifikatzen du nire estiloa. Baina, gero, nire konfort-zonatik irten eta beste estilo batzuetako gauzak egitea ere gustatzen zait. Erronkak gustatzen zaizkit.  

Aurtengo jaietan egongo zara?
Irailaren 28an han egotea espero dut. Asko gustatzen zait jaien hasiera: Doniel Atxa, dantzariak…

Beste ezer gehitu gura duzu?
Eskerrak eman gura dizkiet jai batzordeari eta Iurretako herriari kartela egiteko nigan izan duten konfiantzagaitik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!