Iurretako Jaiak

"Urtero joaten gara Iurretako jaietara; aurten, gainera, bertan Skabidean taldeagaz jotzea berezia izango da"

Aritz Maldonado

Errota taldea.

Durangoko Ibaizabal ikastolak elkartu zituen Gaizka Olea (bateria), Heiko Naberan (gitarra), Maren Rodrigez (saxoa eta ahotsa), Amaia Sagastizabal (akordeoia), Jone Berrizbeitia (pianoa), Oihane Elgezabal (ahotsa) eta Lier Eizagirre (baxua) gazteen bideak; bertako jaialdi baterako batu zen zazpikotea, eta ezer planeatuta izan ez bazuten ere, urte eta erdiren ondoren plazak dantzan ipintzen jarraitzen dute elkarregaz. Hurrengo hitzordua urriaren 3an izango dute, Iurretako sanmigel jaietan. Lier Eizagirrek ANBOTOri kontatutakoaren arabera, "gogotsu" daude hitzordurako; gainera, euren gustuko Skabidean taldeagaz partekatuko dute oholtza. 

Zelan sortu zenuten Errota?
Hainbat herritakoak gara, baina denok Durangoko Ibaizabal ikastolan batu ginen batxilergoa ikasteko. Ikastolako festa batean jotzeko batu ginen, bakoitzak instrumentu bat jotzen genuen eta. Jaialdi horren ondoren, entseatzen jarraitzea erabaki genuen. Proiektuari forma ematen hasi, eta urte eta erdi geroago hemen jarraitzen dugu.

Zuen kontzertuak jendetsuak izaten dira. Horrek ere lagunduko du proiektuagaz jarraitzeko.
Bai. Eta, egia esateko, ez genuen horrelako ezer espero. Horrelako gauza bat planeatuz gero, ez litzateke horrela irtengo. Oso pozik gaude, ikusten dugulako jendea etorri egiten dela, oso ondo pasatzen duela, eta horrek, jakina, jarraitzeko motibatzen gaitu.

Motibazio hori gakoa izango da herri desberdinetako zazpi kide elkartzeko. Zelan konpontzen zarete entseatzeko?
Batxilergoan egon ginen bitartean, denok antzeko ordutegia genuen eta zeozer gehiago entseatzea lortzen genuen. Orain unibertsitatean gaude, bakoitza punta batean ikasten, eta ez da erraza izaten elkartzea entseatzeko. Hilean behin entseatzen ahalegintzen gara, edo behintzat kontzertuen aurretik behin elkartzen. Asko pentsatu barik aritzen gara, ero-eroan, eta ea zer irteten den. Kontzertuak hurrengo kontzertuen entsegu legez ere baliatzen ditugu; ahal dugun moduan konpontzen gara (barrez). 

Azpiegitura aldetik ere ez da erraza izango.
Zornotzara joaten gara entseatzera; udalak eskaintzen dituen lokaletan elkartzen gara. Nahiko erdigunean geratzen da denontzat, eta logistika aldetik ere komeni zaigu hori, taldekideok ez daukagulako gidabaimenik. Gurasoek eramaten gaituzte entseguetara, kontzertuetara edo dena delakoetara, eta, beraz, eurekin ere oso eskertuta gaude. Bestela, proiektua ez litzateke bideragarria izango. Aurrekoan Areatzan (Bizkaia) jo genuen, eta instrumentu guztiak eraman behar izan genituen, gainera; han egon ziren gure zain, guk jo bitartean.

Udan hainbat lekutan ibili zarete.
Zelanbait esatearren, hau lehenengo uda izan da apur bat serio hartu duguna, eta zortzi bat kontzertu izan ditugu. Aukera izan dugu, adibidez, Donostiako Aste Nagusian jotzeko, eta hori ez genuen espero, jakina. Areatzan eta Durangon kontzertu batzuk jo ditugu. Oso gustura gaude. Oraindino ezin ditugu kontzertu asko lotu, ez garelako gai gure kabuz funtzionatzeko; beste jende baten menpe gaude, eta, hori dela eta, ezin gara ibili beste talde batzuk ibiltzen diren moduan asteburuero jotzen, eguen, bariku eta zapatu, edo egun berean kontzertu bi, baina gustura gabiltza horrela ere. Orokorrean, oso pozik gaude.

Egun baterako kontua zena proiektu serioago bihurtu da, beraz.
Atzera begiratzen dugunean, urte eta erdian zenbat eta zelako lekuetan jo dugun ikusita, oso pozik gaude. Ez genuen ezer espero. Lagun artean zeozer egitearren hasi ginen, eta zelan gabiltzan ikusita, ez genuen honelakorik imajinatu ere egiten.

Abesti klasikoak eta berriagoak jotzen dituzue. Zeren arabera egiten duzue aukeraketa?
Hasieran, gehien bat, errepertorioa handitzen joan gara. Lehenengo kontzertuetan, errepertorioa betetzeagaitik edo, ordubeteko emanaldia betetzeko adina abesti jotzen genuen, gutxi gorabehera. Gero, kontzertua luzatzeko eskatzen ziguten, eta apurka-apurka abesti gehiago sartzen joan gara. Azkenerako abesti sorta ederra osatu dugu, eta taldekideok gogokoago ditugun abestiak jotzen ditugu. Ni, adibidez, azkenaldian Tatxers taldearen musika entzuten nabil, eta haien kantak jotzea proposatu diet taldekideei. Abestiak ikasi eta jo egiten ditugu; besteren batek beste ezer proposatzen badu, horregaz aurrera egiten dugu. Abesti batzuk zaleek eskatuta jo izan ditugu. Orain, kantu berriak geuk entzuten ditugulako jotzen ditugu. Badaude behin baino jo ez ditugun kantak. Lokalean bataren edo bestearen alde egiten dugu, baina, orokorrean, gehienok antzeko abestiak gogoko ditugu.

Iurretako plazan oso gustuko dituzte erromeriak. Gogotsu zaudete kontzerturako?
Bai! Etxe ondoan dago, eta urtero joaten gara jaietara. Oraingoan berezia izango da, gainera. Urtero joaten garen jaiak dira eta aurten guk jo ahal izatea sekulakoa da. Gainera, Skabidean taldeagaz joko dugu, eta taldekideok oso gustuko dugun taldea da; asko entzuten dugu gure egunerokotasunean. Euren ondoren jotzen dugunez, plaza beterik egotea espero dugu. Gogo handia dugu, ilusio itzela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!