Ardoagaz loturiko abizena da Fernandez Arroiabe Durangaldean.
Nestor: Bai. Zaldiagaz eta gurdiagaz hasi zen aita ardoa banatzen, sasoi hartan. Gero, Vespa bategaz eramaten zuen ardoa bezeroengana, atzean zeraman gurdian. Botilaratzeko makina 1984an ipini genuen. Ordura arte, eskuz lan egiten zen.
Esteban: Sanmigelak hurbiltzen zirenean, hile eta erdi aurretik hasten ginen familia osoa botilak banan-banan garbitzen, milaka botila. Gurasoek ardoa maitatzen erakutsi ziguten; aita eredu eta maisu izan genuen.
Urteotan aldaketa asko izan da?
Esteban: 80ko hamarkadan aldaketa itzela gertatu zen, geroago eta taberna gehiago zabaltzen hasi ziren, eta txokoak ere bai.
Nestor: Aitak taberna batzuetara ardoa zahagian eramaten zuen, ardo-garrafoiekin hasi baino lehenago; ahuntzaren narrua sikatuta egiten ziren zahagiak, eta ardo-zahatoaren funtzioa betetzen zuten.
Ardoaren kultura eta kontsumo ohiturak ere asko aldatu dira.
Esteban: Guztiz. Lehen, etxe guztietan edaten zen ardoa. Baserrian eta basoan lan asko egiten zen, eta hamaiketakoagaz ardo apur bat hartzen zen. Leku askotara oinez eraman behar genuen, baserrietara askotan. Aitak Citroen txiki bat erosi zuen, baina aldats asko ezin zituen igo, bide asko egin barik zeudelako. 16 litroko ardo-garrafoia ere eramanda gaude, kilometro batera. Oso lan gogorra zen orduan. Tabernekin lanean hasita, lana samurtu egin zen. Orain, gazteagoek unean-unean edaten dute ardoa, pintxo-potean, eta herriko jaietan kalimotxoan.
Eskualdean ardo saltzaile asko zineten?
Nestor: Garai batean, 18 ardo saltzaile zeuden Durangaldean.
Esteban: Bilbon legez, Durangon alondegi bat egon zen 70eko hamarkadara arte. Han batzen ziren ardo-saltzaileak. Ardoak muga-zerga zuen; bakoitzak zenbat ardo saltzen zuen neurtzen zen, eta horren arabera ordaintzen zuten zerga. Elkarri laguntzen zioten, baina bakoitzak bere merkatua zeukan.
Ardoari izotza botatzen zaio orain.
Esteban: Bekatua da hori. Asko zabaldu den ohitura da.
Nestor: Esango nuke alkohol maila gutxitzeko egiten dela. Ardoari ezin zaio urik bota.
Ardoagaz exijenteagoak gara?
Nestor: Sibaritagoak gara. Lehen, goizean ardo zuria eta iluntzean beltza edaten zen.
Esteban: Ardo arrunta, gainera. Orain ardo mota asko dago. 80ko hamarkadan hasi zen jendea eskailerapekoa, urteko ardoa, ondua... eskatzen.
Zer hartu behar da kontuan ardo on bat hartzeko?
Nestor: Niri urteko ardoa gustatzen zait, urtero eskaintzen duelako zeozer berria.
Esteban: Horretxek du zaporerik gehien. Ardoaren ezaugarririk gehienak atzematen zaizkio.
Negozioa ixtea gatx egin zaizue?
Nestor: Pena eman zigun, negozio txiki asko dabiltzalako zarratzen. Aitagaz hasi eta gugaz jarraitu duten bezero fidelak izan ditugu, gainera. Raulek negozioa hartuko zuela ikusita, asko poztu ginen.
Esteban: Gainera, pasioz bizi du ardo mundua. Oso eskertzekoa da gure bezeroen leialtasuna. Asko lagun onak dira.
|
MOTZEAN Ardoa, nogaz? Ardoagaz hartzeko... Kalimotxoa egiteko... |