Mendizaleek egutegian gorriz markatzeko moduan daukate irailaren 26a. Iurretako Zaldai mendi taldeak egun horretan egingo du bere urteroko mendi martxa, herrikoia, jendetsua. Eta, horretarako, hiru ibilbide ipini ditu aukeran, gaitasun eta adin guztietarako: luzea, 24 kilometro pasatxokoa eta Aramotzeko mendilerroa zeharkatuko duena; laburra, 14 kilometrokoa eta Mugarraren azpialdetik pasako dena, eta Txiki Martxa, 4 kilometrokoa, Garaizartik eta Bereziganetik igaroko dena. Umeentzako ibilbiderik aproposena izango da azken hori. Era berean, ibilbide laburra (14 kilometrokoa) beste hiru kilometrogaz luzatu gura duenak horretarako aukera izango du, martxari Katazka, Mugarrikolanda eta Marmol gehituta.
Ibilbide luzean eta laburrean izena ematen dutenak 08:30ean irtengo dira Iurretako plazatik. Txiki martxako parte hartzaileek, berriz, 10:30ean egingo dute, leku beretik. Inskripzioak egiteko epea zabalik dago, eta egunean bertan ere eman ahalko da izena. Dena dela, parte hartzaileek kamiseta bana jasoko dutenez opari, jantziaren neurria. bermatu gura duenak irailaren 13a baino lehen egin beharko ditu inskripzioak.
Izen emateetako prezioak honako hauek dira:
Irailaren 24ra bitartean:
- 15 euro (ibilbide luzea / ibilbide laburra)
- 6 euro umeek eta 10 nagusiek Txiki martxan
Egunean bertan izena ematen dutenek:
- 20 euro (ibilbide luzea / ibilbide laburra)
- 8 euro umeek eta 12 nagusiek Txiki martxan
