Iurretako Kofradiek eta Maiztegi ikastetxeko kideek Betilora karta-jokoa sortu dute, udalerriko naturguneen balioaz jabetzeko eta horietan bizi diren izaki bizidunak ezagutarazteko. Jokoa 48 kartaz osatuta dago, eta udalerriko bazterretako askotariko narrastiak, onddoak, landareak, anfibioak zein ugaztunak ageri dira txartelik txartel. Helburu bikoitza dauka argitalpenak: jolastu bitartean, tokiko espezieen dibulgazioa bultzatzea. Izan ere, egileen ustez, "animalia espezie batzuk besteak baino ezagunagoak egiten zaizkigu, eta, sarri, gure inguruetatik urrun bizi diren animalien izenak bertakoak baino errazago ikasten ditugu". Egoera horri erantzuteko sortu dute, hain zuzen ere, Betilora.
48 karta horiek familiaka daude antolatuta, 8 izaki bizidunek osaturiko 6 familiatan. Edo beste era batera esanda, Iurretako sei kofradietako bakoitzetik ekosistema bat hautatu eta bertan bizi diren animalia eta landare espezieak ekarri dituzte kartetara: ekosistema bakoitzeko, ugaztun bat, hegazti bat, narrasti bat, anfibio bat, ornogabe bat, belar edo landare bat, zuhaitz edo zuhaixka bat eta onddo bat. Jolasa kofradiek eta Maiztegi ikastetxeak bultzatu duten arren, irudi, diseinu eta testuen lanketa Eñaut Aiartzaguenak egin du. Iurretarrak azaldu duenez, ahalegin berezia egin dute izaki bizidunak tokiko euskaran, Iurretakoan, ipintzeko. "Kartek tokiko izendapena ageri dute beltzez. Azpialdean euskara batuan ageri da izendapena, eta, beherago izen zientifikoa". Era berean, Iurretako dantzarien ekosistemaz ere egin du berba Aiartzaguenak. "Esan daiteke Iurretako dantzariek ekosistema propioa osatzen dutela. Horiek ere badute lekua kartetan", esan du berrez.
Zelan jokatu
Jokoaren funtsa erraza da: ekosistema bakoitzeko espezie guztiak batu eta familia osatu beharko dute jokalariek, eta, horrenbestez, familia gehien osatzen duenak irabaziko du. Alabaina, beste hainbat modutara ere jokatu ahalko da. Adibidez, bakarka, karta bakoitzak edo espezie bakoitzak bere bizitokia duelako, eta hurrenkera zuzenean ipiniz gero, puzzlea osatuko delako. Era berean, memoria jolas modura ere erabili daiteke, kartak ahuspez ipini eta bakoitza non gordetzen den asmatuta.
Jolasean hasi gura duenak Laixiar egunean eskuratu ahalko du Betilora. Domeka honetan, 15 euroan. Hortik aurrera, jokoa Iurretakopin eta Durangoko Hitz liburu-dendan erosi ahalko da 20 euroan.