Iurretako Udalak XVIII. Enpresa Proiektuen Lehiaketa jarri du abian, herrigunean "izpiritu ekintzailea bultzatu, enplegua sortu eta tokiko merkataritza biziberritzeko asmoz", ohar batean azaldu duenez. Irabazten duen enpresa-proiektuak 6.000 euroko sari ekonomikoa jasoko du.
Lehiaketan parte hartu ahal izango dute pertsona fisikoei zein enpresa txiki eta ertainei (ETE) zuzenduta dago, baldin eta euren enpresa-proiektua Iurretako herri erdigunean kokatzea aurreikusten badute. Zehazki, honako kale hauetan kokatutako proiektuak balioztatuko dira: Amilburu Musikarien Plaza, Bidebarrieta, Bixente Kapanaga, Dantzari, Fray Juan Askondo, Maspe, Padureta, Zubiaurre eta Uralde. Gainera, beharrezkoa izango da lokalaren aurrealdea egokitzea burutuko den jarduera identifikatzeko.
Iurretako alkatea den Oskar Kokak nabarmendu duenez "gure herrigunea ingurune bizi eta dinamikoa izateko lanean jarraitzen dugu; lehiaketa honen bidez, bidea erraztu nahi diegu beren negozioa edo denda sortzea erabakitzen duten pertsonei, Iurretako merkataritzari etorkizun berritzailea eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko".
Parte hartzen duten proiektuek gehienez 6 hilabeteko epean hasi beharko dute jarduera, eskaera epea amaitzen denetik aurrera, eta gutxienez urtebetez mantendu beharko dute zabalik. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 2026ko urriaren 31n amaituko da.