PSE-EEk etxebizitza plan "urgentea" proposatu du Iurretan, gazteak herritik irten ez daitezen

Anboto 2026ko uztailaren 20a

Talde sozialistak gobernu taldeari eskatu dio arrazoizko alokairun babestutako etxebizitzatarako udal lurzorua mobilizatzea.

Julen Calleja PSE-EEko bozeramaileak etxebizitza sozialeko urgentziazko plan bat lantzea proposatu du. Ohar batean jakitera eman dutenez, "gazteek herritik alde egin behar ez izatea" dute helburu. Hartara, arrazoizko alokairun babestutako etxebizitzatarako udal lurzorua mobilizatzea eskatu dio gobernu taldeari: "EAJri eskatzen diogu alde batera utz ditzala lurzoruaren kudeaketan azken urteetan erakutsitako konplazentzia eta paralisia". Era berean, Eusko Jaurlaritzagaz "berehala" negozioazioa abiatzea eskatu diote, udal lurzorua gazteentzako etxebizitzak eraikitzera bideratu daitezen. 

Udalean erregistratutako proposamen sozialistak honako langaiak jasotzen ditu: etxebizitza hutsak, errolda erreal bat sortzea eta jabeek euren etxebizitza hutsak berme publikoagaz merkaturatu ditzaten bultzatzeko udal-bitartekaritza programa sortzea.

Bestalde, eraikiko diren babestutako etxebizitzen %40 herrian erroldatuta dauden 35 urtetik beherako gazteentzat gordetzea proposatu dute, hori bermatzen duen araudia landuta. Bestalde, emantzipaziorako adinean dauden eta herrian alokairuan bizi diren gazteentzat diru-laguntza zuzenak bideratzea proposatu du Callejak. "Gazteak euren herrian etxe bat ordaindu ezin dutelako beste herri batzuetara doazen bitartean udala ezin da eskuak gurutzatuta gelditu". Callejak udal gobernuari eskatu dio "pasibitatea utzi eta Etxebizitza Sailagaz negozioazio zuzena lideratu" dezan. "Iurretako eskola-sarea, ehun sozial eta komertziala kohesionatuta mantentzeko belaunaldi berriak herrian sustraitzea bermatzea da bide bakarra".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!