Iurretako udal gobernuak Paduretako eta Bideondoko hirigintza hitzarmenak onartu zituen behin betiko, azken udalbatzarrean. EH Bilduk "arduratuta" hartu ditu bi erabakiak. Diotenez, "EAJk ez ditu iurretarren beharrizanak kontuan hartu plan horiek garatzeko. Gainera, azken orduan murrizketa bat ezarri du: Paduretako egitasmoan etxe tasatuen kopurua ia erdira jaitsi du". Bideondon, berriz, "ez da babes ofizialeko etxebizitzarik eskainiko, ez jabetzan ezta alokairuan", koalizio subiranistak jakitera eman duenez.
EH Biduk nabarmendu duenez, “Padureta garatu egin behar da. Baina garapen hori herritarren interesaren alde egin behar da: etxebizitza babestu gehiago sustatuz, gardentasun handiagoagaz eta udalaren ondarea ahalik eta ondoen defendatuz”. Paduretako etxebizitza planaren arabera, 305 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita, azaldu dutenez, eta 30 etxebizitza tasatu geratuko dira Iurretako Udalaren esku, gaineratu dutenez. "gaur egun bizi dugun etxebizitza-krisiaren testuinguruan, hori ez da albiste ona. Gazteek eta familia askok etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunak ikusita, ez dugu ulertzen zergatik onartu behar dugun etxebizitza tasatu gutxiago eraikitzea”.
Bestalde, EH Bilduren ustez, "Paduretan eraikinak eta aparkalekuak eskuratzeko interes falta agerian utzi du gobernu taldeak hitzarmenean". Ohartarazi dutenez, “aparkaleku gehiago ez onartzeak, Iurretan gaur egun dagoen arazoaz kontziente ez izatea adierazten du. Izan ere, Bideondon eraikitzen dabiltzan etxebizitzak direla eta ikasturtean zehar aparkaleku arazoak hasi dira, eta Maspen Paduretarekin beste hainbeste aparkaleku gabe geratuko gara. Ondorioz, arazoa geroz eta handiagoa izango da”. Hitzarmenak jasotzen du Viviendas de Vizcayak 1.591.741 euro ordainduko dizkiola udalari, "baina, oraingoz ez da informatu diru hori zertara bideratuko duten".
Bideondo
Bideondon hasi dira dagoeneko sustapen pribatuko etxebizitzak eraikitzen. Udalaren jabegoko lur publikoa, berriz, enpresa eraikitzaile bati salduko zaio. Halaxe azaldu du EH Bilduk. "Lur publikoa izan arren, ez da babeseko etxeak eraikitzeko erabiliko. 45 etxe eraikitzea aurreikusi du gobernu taldeak; horietatik 33 merkatu librekoak, eta 12 soilik tasatuak. Babes ofizialeko etxerik ez, ez jabetzan ezta alokairuan ere", EH Bilduk esan duenez. "Udal batek ezin du bere lurzoru publikoa galdu epe laburreko diru-sarrera baten truke. Lurzoru publikoa ez da edozein ondasun. Herritarren ondarea da. Eta, batez ere gaur egun bizi dugun etxebizitza-krisiaren testuinguruan, tresna estrategikoa da”, salatu dute. Bideondoko lurrak esku pribatuetan uztea "erabaki larria" da koalizio subiranistaren ustez., "etxebizitza politika norabide sozialagaz lantzeko aukera garrantzitsu bat galduko delako". Lurraren salmenta edo enajenazioa eteten ez den bitartean proiektu horren kontra egingo dutela nabarmendu dute.