Zer dela eta batu zinen Euskal WikiEmakumeok taldera?
Iurretako Juan Orobiogoitia ikastetxean irakasle izan naiz eta jubilatu nintzenean sare sozialen inguruko ikastaro batean hasi nintzen Durangoko Andragunean. Ordenagailuekin lan egin dut beti, ikastetxean idazkaria izan nintzen, eta falta hori sentitzen nuen. Gainera, sare sozialen mundua ez nuen asko ezagutzen. Bada, Marisa Barrenak Euskal WikiEmakumeok taldera batzeko proposatu zigun eta gustatu egin zitzaidan ideia.
Zortzi urte joan dira harrezkero.
Bai. Hala ere, Durangoko Euskal WikiEmakumeok 2020an hasi ginen ganoraz, pandemiaren etenaldiaren ondoren. Andereak elkartearen babesean hasi ginen. Barikuero batzen gara Andragunean, 16:00etatik 18:00etara.
900 emakumeren biografia osatu duzu, eta horietatik 700 zientzialariak dira.
Zientzietako irakaslea izan naiz eta gustuko dudan arloa da. Gainera, pentsatu nuen irakasleentzat lagungarri izan zitekeela. Ni neu irakasle nintzenean ez zegoen informazio fidagarri askorik euskaraz. Adibidez, M8aren bueltan, ikasleei emakume zientzialariei buruzko informazioa eskatzean igartzen zen hutsune hori. Halaxe hasi nintzen.
Lan handia dago biografia bakoitzaren atzean?
Bai! Hala ere, sasoiak daude. Batzuetan ordu gehiago ematen dut, eta besteetan gutxiago. Baina nik baino lan gehiago egiten dute beste batzuek; Marisak, esaterako. Hasieran biografia bat osatzea mordoa kostatzen den arren, behin martxa hartuta errazago egiten da. Ordu bian osatu daiteke biografia bat. Barikuero ordu bian egoten gara lanean, baina etxean ere ibiltzen naiz denboragaz nabilenean. Neguan zeozer gehiago. Harrapatu egiten zaituen zeregina da!
Non topatzen duzu informazioa?
EHUko matematika irakaslea den Marta Macho wikilariak editatzen duen mujeres con ciencia bloga erabiltzen dut. Egunero zenbait emakumeren efemerideak publikatzen ditu eta zerrenda itzela dut jada. Palestinan gatazka sortu zenean, emakume palestinarren biografiak egitea erabaki genuen. Biografiak sortu ere egin ditugu, Berrian zein ANBOTOn argitaratutako elkarrizketaren batetik abiatuta. Ingurukoei galdetuta ere izan dugu emakumeren baten berri. Durangon 12.400 emakume ekarri ditugu Euskal Wikipediara. Horietatik %10 guk sorturikoak dira.
Euskal Wikipedian genero arrakala murriztea lortu duzue?
Bagabiltza. Euskal WikiEmakumeok-en helburua zen 2027rako 30.000 emakumeren biografiak egitea, eta apirilean lortu genuen. Durangoko wikilarion aurtengo erronka 14.000 emakumeren biografiak sareratzea da; 1.400 biografia sortu, eta sortuta daudenak hornitzea. Wikilari berriak batzea ere gura dugu.
Zelan animatuko zenuke jendea?
Oso lan polita da eta mordoa ikasten da. Bete egiten du, eta itzela da denbora pasatzeko!
1.000 biografiara helduko zara?
Urtea amaitu aurretik gura nuke heldu. Baina biografia asko falta da oraindino. Zerrendan 100 bat ditut egiteko, eta egunero izen berriak agertzen dira.
Motzean
Zientzialari bat?
Marie Curie.
Zientzia arlo gogokoena?
Ingurumena.
Euskal WikiEmakumeok taldea da...
Lan polit bat egiteko elkartzen den lagun taldea.
Editatu zenuen lehenengo emakumea?
Agurtzane Elorriaga.