Herri elkarteek abiatuko dute Iurretako XX. Kalez-kale antzerki jaialdia

Anboto 2026ko ekainaren 9a

Iurretako udal ordezkariak eta herri elkarteetako kideak prentsaurrekoa amaitu ondoren.

Ekainaren 18tik 21era bitartean sei kale ikuskizun aurkeztuko dituzte Iurretan. Aurten hamarkada bi betetzen dituen kale antzerkia zabaltzeko ekitaldi berezia prestatu dute: Herri elkarteen kalejira ibiltaria.

Kaleko artearen balioa nabarmentzeko helburuagaz jaio zen Iurretako Kalez-kale antzerki jaialdia duela 20 urte, eta urteurren borobila ospatzeko ekitaldi berezia prestatu dute egitaraua zabaltzeko: Herri elkarteen kalejira ibiltaria. Iurretako komunitate osoa inplikatuko duen inaugurazio ekitaldi parte hartzaile horregaz, "jaialdiaren izaera herrikoia, parte-hartzailea eta komunitarioa" indartu gura dute, Zorione Fundazuri zinegotziak azaldu duenez. Oskar Koka alkateak, elkarte eta eragileek urte guzti hauetan egindako lana eskertu du eta herriaren parte aktibo izaten jarraitzera animatu ditu.

Kalez-kale jaialdia "erreferente sendo gisa" finkatu da Euskal Herriko kale-antzerkiaren panoraman udal ordezkariek azaldu dutenez. Ildo horretan, Oscar Castaño 'Garbitxu' Deabru Beltzak taldeko zuzendariak, Iurretak Euskal Herriko kale antzerkiari emandako babesa eskertu du. "Bertako produkzioak "babesten" dituen Euskal herriko kale antzerki bakarra da Iurretakoa", nabarmendu duenez. 

Pilar Jimenezek herriko elkarteek egindako lana nabarmendu. "Otsailean hasi ginen herriko elkarteekin lanean, eta benetan eskertzekoa da euren inplikazioa". Hori kontutan hartuta, antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Agerrialdian parte. hartu dute honako elkarte hauetako ordezkariek: Bakixako kultur elkartea, Jai Giroa, Anderebide, Fasoden, Teatropiezos, Andbolo, Maiztegi guraso elkartea eta Mikel Deuna dantza taldea.

Ekainak 18

  • 19:00etan, Herri elkarteen kalejira ibiltaria. Askondotik plazara. 

Ekainak 19

  • 18:00etan, Matraka Culinary (Trakamatraka), Askondon. 
  • 19:30ean, El peor espectaculo del mundo, de momento! (Zanguango Teatroa), Askondon. 

Ekainak 20

  • 18:00etan, Kay Robot (Ameztu antzerkia), Askondon. 
  • 19:30ean, Eraitsi S.L. (Goitibera), Askondon.

Ekainak 21

  • 13:30ean, Eriz Magoa, Dantzari kalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!