Aisialdirako "ingurune inklusiboa" sortu dute Iurretako Maiztegi eskolan

Aitziber Basauri 2026ko ekainaren 4a

Maiztegi eskolako jolas berriak. udala

Iurretako Maiztegi herri eskolan txintxaun berriak ipini dituzte umeak jolastu daitezen. Udalak jakinarazi duenez, inguru "inklusibo" eta "segurua" egokitu dute jolastokian. Umeen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzen dituzten hiru jolas berri ipini dituzte. Horretarako, 48.250 euroko inbertsioa egin dute.

Jolasgunean robinia-zura erabili dute material nagusi legez. Material horren "iraunkortasun handia, berotasun estetikoa eta eskola-ingurunean era naturalean integratzeko gaitasuna" kontuan hartu dituzte, ohar batean azaldu dutenez. Gainera, jolasgunearen diseinuak "erabiltzaileen babesa lehenesten" du, udal ordezkarien berbetan. "Amaiera leunak eta ertz biribilduak dituzte, eta naturagazko hartu-eman sentsoriala sustatzen dute; horrez gainera, haurren garapenari eta ongizate emozionalari mesede egiten diete", argitu dute. Zutabe hirukoitz irisgarri bat, enborrez osaturiko etxetxoa eta joko anitzeko dorrea ipini dituzte, txirristaduna, rokodromoduna eta oreka zirkuitua duena.

Proiektua osatzeko, zoru moteltzaile jarraitua instalatuko da, horrek "segurtasuna bermatzeaz gain, ume guztientzako ibilbide arin eta irisgarriak erraztuko ditu", azaldu dutenez.

Ikasketa, jolasa eta material naturalekiko errespetua indartuko dituen "ingurune bero eta aktiboa" sortzea du helburu udalak, eta eskolarentzat "jolastoki inklusiboa sortzeko konpromisoagaz" aurrera egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!