Eskola Agenda 2023 programaren barruan, Juan Orobiogoitia BHIko eta Maiztegi Eskolako ikasleek herriko kaleetan zehar hondakinak garbitzeko jardunaldia izan zuten, maiatzaren 12an. Aurretik, udalerriaren egoeraren diagnosia egin zuten. Hainbat gunetan banatuta zaborra bildu ondoren, Aita San Migel plazan elkartu ziren batutako hondakinekin.
Maiatzaren 25ean egindako Udal Foroagaz amaitu da ekimena. Eskola arteko lehen saioa egin zuten Juan Orobiogoitia institutuan. Bertan, modu positiboan baloratu zuten zabor-bilketa eta ikastetxeetako ingurumen-konpromisoak eta udalari zuzendutako proposamen zehatzak zehaztu zituzten. Lan hori amaituta, udaletxeko bilkura aretoan hartu zituen ikasleak Oskar koka alkateak. Iazko proposamenen egoera aztertu ondoren, aurtengo aurkeztu zituzten ikasleek. Halaxe eman dute jakitera udal arduradunek.
Herriko gazteek, urtez urte, "erakutsitako inplikazioa eta konpromiso sendoa" goratu ditu alkateak, "ingurumenaren alde energia berarekin lan egitera animatuz".