Iurreta LHII ikastetxea saritu dute Euskelec lehiaketan

Anboto 2026ko maiatzaren 19a

Proiektu metodologiko onenari saria lortu du Iurrelek taldeak, bigarren urtez jarraian. Era berean, berdintasunaren eta emakumeen partaidetzaren aldeko konpromisioaren saria ere irabazi du.

Iurreta LHII ikastetxeak bi sari lortu zituen, joan zen asteburuan, Gasteizen ospatu zen IX. Euskelec txapelketan. Proiektu metodologiko onenari saria lortu zuen Iurrelek taldeak, bigarren urtez jarraian. Era berean,berdintasunaren eta emakumeen partaidetzaren aldeko konpromisioaren saria ere irabazi zuen.

TKnikak antolatutako Euskelec lehiaketan, Euskal Herriko hainbat Lanbide Heziketako ikastetxeek parte hartzen dute, baita beste erkidego batzuetako ikastetxeek ere. Ikasleek ibilgailu elektriko bat diseinatu, eraiki eta prestatu behar dute hainbat probatarako. Proiektuak ezagutza teknikoa, berrikuntza, talde-lana eta jasangarritasuna sustatzen ditu. LHII ikastetxeko Iurrelek taldeak arlo guzti horiek landu ditu 2025-2026 ikasturtean. Bada, Automozioko, Fabrikazio Mekanikoko,Elektronikako, Administrazioko eta Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretako ikasleen eta irakasleen arteko lankidetzari esker, "proiektu integrala, berritzailea eta diziplinartekoa egin daiteke, alderdi teknikoak, kudeaketakoak eta diseinukoak konbinatzen dituena", azaldu dute zentroko arduradunek.

Iurreta LHIIk presentzia nabarmena du Euskelecen hasieratik, eta sari ugari jaso ditu hainbat ediziotan. 2026ko IX. edizio honetan, "agerian geratu dira berriz ere ikasleen eta irakasleen konpromisoa, berrikuntzarako gaitasuna eta ikastetxearen balioekin bat datorren lan-metodologia", ikastetxeak ohar batean jakitera eman duenez. Ikastetxeak eskerrak eman dizkie taldeari lagundu dioten babesle guztiei.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!