Udal hauteskundeak 2027

Oskar Koka izango da Iurretako EAJren hautagaia hurrengo hauteskundeetarako

A.B. 2026ko apirilaren 24a

Oskar Koka, Iurretako udaletxearen aurrean.

Oskar Kokak orain urte bi hartu zuen alkate kargua Iurretan, Iñaki Totorikaguenaren lekukoa hartuz. Gehiengo osoaren babesa izan du 2027ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan EAJren hautagaia izateko.

Azken hiru legegintzaldietan zinegotzi eta 2024ko martxotik alkate izan den Oskar Koka
izango da Iurretako EAJren hautagaia datorren urtean izango diren udal hauteskundeetan.  EAJk Kokaren ibilbidea goraipatu du, "udalerriaren ezagutza eta udalaren eguneroko kudeaketan duen inplikazioa azpimarratuz". Gehiengo osoz aukeratu dute.

Iurretako EAJk  azpimarratu du bere hautagaitzak “egonkortasuna, esperientzia eta kudeaketa-gaitasuna” islatzen dituela, "egindako lana sendotzeko eta udalerriaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko funtsezko elementua". Koka alkate izanda, "iurretarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimen ugari" bultzatu direla adierazi dute. "Etxegoko zerbitzuak hobetu eta ordutegia zabaldu da, Bidebarrietako oinezkoentzako lanak amaitu dira do udalerrian bizikidetza eta mugikortasuna bultzatzeko hainbat proiektu abiatu dira", zehaztu dutenez.

Aurrera begira, "funtsezko gaietan" aurrera egiten jarraitzea du helburu Kokak. "Etxebizitza eskuratzean, irisgarritasuna hobetzean, gazteei laguntzean (Gaztegunean, esaterako) eta kultura-programazioa indartzean" lan egin gura du. “Bide-orri argi batekin ari gara lanean, herritar guztiei entzutean eta haien beharrei erantzutean oinarrituta. Iurreta irisgarriagoa, dinamikoagoa eta guztiontzako aukerak dituena eraikitzen jarraitu nahi dugu”, adierazi du.

Oskar Koka analista programatzailea da eta 1993tik Euskal Irrati Telebistan ari da lanean teknologian teknikari aditu gisa. Bere berbetan, “harro egoteko modukoa da EAJren konfiantza izatea proiektu honen buru izateko. Ilusioz eta arduraz ekingo diot etapa berri
honi, etorkizuneko proiektua garatzen jarraitzeko eta iurretarrentzat eta iurretarrentzat hurbiltasunetik lan egiteko”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!