Iurretako Udalak aurtengo aurrekontu parte hartzaileen prozesua hasi zuen joan zen apirilaren 15ean. Herritarren proposamenak batuko dituzte apirilaren 29ra bitartean iraungo duen lehen fase batean. Ondoren, bideragarriak diren proiektuak lehenetsiko dituzte. Hautatutako proiektuak gauzatzeko 50.000 euroko diru-poltsa izango du udalak.
Herritarrek euren proposamenak helarazteko hainbat bide zabaldu ditu udalak. Iurretako hainbat establezimendutan hautestontziak jarri dituzte. Baita udal bulego eta eraikinetan ere bai, jendeari arreta emateko ordutegiaren barruan. Era berean, udaleko webgunean formulario bat beteta ere aurkeztu daitezke proposamenak, edo etxeetara bidalitako inprimakian dagoen Qr kodigoa erabilita.
Zalantzak argitzeko
Bestalde, zalantzak argitzeko eta prozesuari buruzko azalpenak emateko txokolatada informatiboa antolatu du udalak, apirilaren 23an, 17:00etan, Nagusien Etxean. Bilera "horretan, prozesuaren urratsak zehaztuko dira, parte-hartzaileen galderei erantzungo zaie eta proposamenak egin ahal izango dira", udal ordezkariek azaldu dutenez. Era berean, egun horretan, bi teknikari hurbilduko dira auzoetara, informazioa emateko eta herritarren ekarpenak jasotzeko.
Aurrekontu parte hartzaileen bitartean hainbat hobekuntza egon dira Iurretan, udal arduradunek gogoratu dutenez. Besteak beste, komun publikoak jarri dira, bide publikoan ez labantzeko tratamendua ezarri da, gabonetako argiztapena hobetu da, Maspe kalearen eta ibaiaren arteko eremua egokitu dira, eta 'Colacao' itzulia egokitu dute. Iaz, bestalde, argiteria publikoa modernizatzeko eta hobetzeko neurriak hartzea erabaki zen.