Iurretako Udalak "aitatasun baimen egoeran" zegoen pertsona bati lanpostu huts baterako kontratua sinatzea ukatu diola salatu du LAB sindikatuak. Azaldu duenez, "lan poltsan aurretik zeuden pertsonek uko egin ondoren, berari zegokion lanpostua hartzea. Baina, baldintza guztiak bete arren, aukera hori ukatu diote". Atzoko udalbatzarrean, EH Bilduk ere udalaren erabakiarekiko "erabateko desadostasuna" adierazi du. "Zerbitzuaren urgentziak edo premiak ez du inolaz ere langilearen oinarrizko eskubidea urratzea justifikatzen", esan du.
Iurretako alkateak azaldu duenez, "langileak administrazioarekiko auzietarako epaitegira jo ondoren, Ministerio Fiskalak esku hartu du, langilearen oinarrizko eskubideen babesa bermatzeko. Eta, udalak arrazoi duela iritzi izan dio. Administrazioarekiko auzietarako epaitegi batek ere eman du epaia, langileak jarritako errekurtsoa ezetsiz eta inpugnatutako administrazio-jarduera legezkoa dela berretsiz". Kokak azaldu duenez, epai horren aurka apelazio-errekurtsoa aurkeztu da EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako epaitegian. "Nolanahi ere, haren ebazpena onartu egingo da", dio Kokak.
EH Bilduk azaldu duenez, "prozedura argia eta bidezkoa zen: premia egonda ere, lanpostua zegokion langileari esleitu behar zitzaion, eta aitatasun-baimenak irauten duen bitartean, zerrendako hurrengoari deitu haren ordezkapena egiteko". Oskar Koka alkateak jakitera eman duenez, udalak "indarrean dagoen legedia" bete du; eta, gaineratu duenez, "langile guztien eskubideak zaindu ditu eta zainduko ditu, epaitegietara jo duen langilearena eta lan-poltsetan sartuta egoteagatik bidezko itxaropenak izan ditzaketen beste langile batzuenak ere bai".
EH Bildu: "Epai batek ez dio gaiari larritasuna kentzen"
EH Bilduren berbetan, "epai batek ez dio gaiari larritasuna kentzen, langile baten eskubide zapalketari buruz ari gara hitz egiten". Nabarmendu dutenez, "guretzat garrantzitsuena auzi moral eta etikoa da. Moralki onartezina da langile bat auzitegietara jotzera behartuta ikustea bere zaintza eskubidea defendatu ahal izateko".
EH Bilduk gogoratu du laster Lan Eskaintza Publikoak izango direla martxan eta gobernu taldea barne plana lantzen ari dela. "Ezinbestekoa da prozesu horietan guztietan arauak oso argi uztea eta langileen zaintza eskubideak erabat blindatuta geratzea, zalantzarik ez dadin egon prozedurarekin edo jarraibideekin. Udal honek bermatu¡ behar du etorkizunean inork ez duela berriro halako bidegabekeriarik jasango zaintza eskubide bat gauzatzeagatik", diote.