Iurretako Kimuak aisialdi elkarteak antolatutako udalekuetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago martxoaren 5era bitartean. Aurten ere, hiru udaleku eskainiko dituzte, adinaren arabera antolatuta. Udaleku ibiltari bi eta finko bat egingo dituzte, uztailean. Zortzi urtetik hamazazpi urtera bitarteko neska-mutilei zuzendutako eskaintza da. Martxoaren 5era arte eman daiteke izena kimuak.wordpress. com atarian. Behin-behineko zerrenda martxoaren 6an jakinaraziko dute.
Gaztetxoenek Sarrian (Zuia, Araba) egingo dute egonaldia, uztailaren 11tik 17ra bitartean. Askotariko ekintzekin antolatutako udaleku finkoa da eta 30 lagunentzako lekua egongo da. Mendi ibilbideekin eta igerilekuetara irteerak eginda osatu dute 2016tik 2018ra bitartean jaiotako gaztetxoeentzako eskaintza.
Kimuak elkarteak antolatutako udaleku ibiltariak Nafarroan izango dira. Biak Lesakatik abiatuko dira. Ibiltari Txikiak (2012- 2015 urteetan jaiotakoak) Amaiurrerainoko bidea egingo du, uztailaren 1etik 11ra. Ibiltari Luzea (2009-2011 urteetan jaiotakoak) Elizondorainoko bidea, ekainaren 29tik uztailaren 11ra izango da. Etaparik etapa, gazteek Euskal Herriko hainbat txoko eta herri ezagutzeko aukera izango dute, eta askotariko tailer eta ekintzetan aritzeko tartea hartuko dute. 60 lagunentzako lekua gorde da bietan. Informazio gehiagorako, kimuak.a.e@gmail. com helbide elektronikora idatzi daiteke.