"Medikuntza zientzia legez neutroa dela uste da eta ideia hori apurtu behar dugu"

Aritz Maldonado 2026ko martxoaren 3a

Medikuntzan genero ikuspegia kontuan ez izateak akatsak eta atzerapenak eragin ditu gaixo dauden emakumeen diagnostikoak egiterakoan, Amaia Bacigalupe Osasun Publikoko doktore eta EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslearen esanetan. Iurretan berbaldia eman zuen otsailaren 10ean.

Medikuntzan gizonak eta emakumeak desberdin tratatzen dira?
Medikuntza instituzio sozial bat da, eta, gizartearen parte den neurrian, gizartearen balioak eta arauak barneratuta dauzka. Orduan, gizarte matxista eta patriarkal batean bizi bagara, medikuntza, zientzia legez ere, matxista eta patriarkala da. Gertatzen da medikuntza, zientzia legez, zeozer neutroa eta objektiboa dela uste dugula, eta hori da apurtu behar duguna. Medikuntza, diziplina zientifiko legez eta praktika profesional legez, oso modu konkretu batean eraiki da historikoki, oso erro androzentriko argiak ditu. Medikuntza deitu zaion zientzia hori gizonezkoen gorputza, haien beharrizanak eta haien arazo edo patologiak azaltzeko moduak erdigunean ipinita eraiki zen. Horregaitik, gaur egun askotan gertatzen da ikasketa liburu zein medikuntza fakultateetan gizonen gorputzetan izaten diren manifestazio edo gaixotasunak lehenesten direla. Adibidez, bihotzekoaren kasuan, gizonezkoengan ohikoak direnak hartzen dira sintoma legez; emakumeengan agertzen direnak, kasu horietan errepikatu arren, modu atipikotzat hartzen dira. Kontzeptualki, gaixotasun batean medikuntzak zein sintomari ematen dion garrantzia eta zeini ez ikusten da horrela; horrek erakusten du erro androzentrikoak izan dituela identifikatzerakoan eta diagnostikatzerakoan. Ez bakarrik gaixotasun kardiobaskularretan, beste hainbat arlotan ere bai. Zelanbait esateko, medikuntza bere garapenean oso eraginkorra izan da iturburu fisiologikoa edo fisikoa duten gaixotasunak analizatzeko, baina ez da hain eraginkorra izan mentalagoak edo psikosomatikoagoak direnak, minagaz erlazionatuta daudenak eta emakumeengan maizago izaten direnak aztertzeko.

Horrek eragina izango du. 
Bihotzekoaren adibideagaz jarraituta, gizonezkoengan bihotzekoa bularreko minagaz lotzen da, mina gero ezkerreko besora irradiatzen da... ezaguna da. Emakumeengan ere gertatzen dira horrelakoak, baina ia beti gizonen kasuetan da. Emakumeen kasuan, sintoma asko atipiko edo inespezifiko legez hartzen da; adibidez, buruko mina, matrailekoa, zorabioak eta baita urdaileko mina ere. Eta antsietate arazo legez identifikatu dituzte. Bihotzeko bat gizartearen imajinarioan zelan irudikatzen dugun lotuta dago medikuntzak orain arte ulertu duen moduagaz. Ondorioz, emakumeok askoz ere beranduago, okerrago eta traketsago identifikatzen ditugu arazo horiek gure gorputzetan. Gero, ez da bakarrik guk beranduago errekonozitzen dugula sintomatologia hori, osasun profesionalek ere euren genero-alborapenak dituzte, eta horrek ere eragina du, jakina. Beste adibide interesgarri bat: zergaitik goaz emakumeok beranduago larrialdietara? Ez bakarrik mina beranduago errekonozitzen dugulako, gure ingurua esku onetan uzteko ardura dugulako ere. Beraz, emakume batentzat askoz gatxagoa da bat-bateko erabaki hori hartzea. Adibide klasikoa da bihotzekoarena, eta, datuen arabera, gizonezkoengan hiru bider gehiago gertatzen da, baina bihotzekoek emakumezko gehiago hiltzen dituzte. 

Emakumeok daukagun karga mental horrek eragin handiagoa du oraindino ere emakumeen osasunean, gizonezkoenean baino. Eta hori ez da belaunaldi helduen kasuan bakarrik gertatzen, gazteagoen kasuan ere birsortzen da. 

Berbaldietan ere ikusiko duzu hori.
Sentsazio hutsak dira, baina bai. Geroago eta gauza gehiago dakigu, baina gauza asko dago egiteko oraindino. Ez da erraza. Profesionalen artean ere erresistentzia asko dago. Uste dute zientzia guztiz objektiboa, zientifikoa eta neutrala dela, baina ulertzen hasi behar dute, beste hainbat arlotan legez, generoak eta klaseak eragina dutela aurreiritzietan eta praktika profesionaletan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!