"Greba egitea asko kostatzen zaigu, baina beharrezkoa da duintasunez lan egiteko"

GOIENA 2026ko otsailaren 27a

Debagoieneko Ospitalean larrialdietako medikua da Ainhoa Albizuri iurretarra (Iurreta, 1972). Bera ere Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek otsailetik ekainera bitartean deitutako astebeteko grebetara batuko da, Espainiako Estatuko Ministerioari estatutu propioa eskatzeko. Otsailaren 16an izan zen lehenengo greba eguna, eta, CEMS Medikuen Sindikatuak deituta, manifestazioa egin zuten Donostian.

Zer da eta zer jasotzen du estatutuak? Zergatik ikusten duzue estatutu propio baten beharra?
Estatutuak lan baldintza minimo batzuk ezartzen ditu eta ezin dira aldatu; adibidez, urteko lanordu kopurua, jaiegunak eta halako kontuak definitzen ditu, eta horiek ez ditugu aldatu gura. Kontua da medikuen lan eta ardura batzuk beste langile batzuekiko desberdinak direla, eta horregatik eskatzen dugu estatutu propioa. Geure kasuak dituen lan berezitasun horiek kontuan hartzeko eta horiei buruz berba egiteko.

Zeintzuk dira gaur egungo estatutuaren arazoak?
Gure erabakien maila, gure formakuntza eta gure lan baldintzen berezitasunak ez dira kontuan hartzen. Medikuak, langile-maila guztien artean, talde minoritarioa gara, eta beste langileek erabakitzen dute guk zelan lan egin behar dugun. Hori aldatu gura dugu.

Greba mugagabearen aukera mahai gainean egon arren, oraingoz astebeteko grebetara deitu duzue, ekainera arte. Zergatik?
Pertsonekin lan egiten dugu, haiei zor diegu gure lana. Horrek, ostera, ez du esan gura geure burua zaindu behar ez dugunik. Greba egitea asko kostatzen zaigu, egun batean lanik egiten ez badugu lan hori pilatu egiten delako, eta, horregatik, erabaki orokor hori hartu dugu. Horrela, geure lana aurrera eramaten jarraitu ahalko dugu.

Grebara jotzea azken aukera izan ohi da. Zuen kasuan ere bai, ezta?
Bai, hala da. Guk ez dugu grebarik gura, geure lana duintasunez eta ahalik eta ondoen egitea baino. Gure eskaera eta arazoak norbaitek entzun eta horiei konponbide bat topatzea gura genuke. Baina hori ezinezkoa da horretarako borondaterik ez badago. Oraingoz, astebeteko grebarekin hasiko gara, eta, jasotzen dugun erantzunaren arabera, jokabidea aldatu ala ez erabakiko dugu.

Greba deialdia iragarri ostean sumatu al duzue aurrerapausorik administrazioen aldetik?
Ni langile bat naiz eta ez dakit zerbait mugitu den ala ez. Guri heldu zaigunaren arabera, arazo guztiak gure gainean ipintzen dituzte. Ministerioak dio mahaiko sindikatuekin akordioa lortu dutela, baina, esan bezala, medikuak gutxiengo bat gara. Horregatik, denok bozkatu arren, CEMS Medikuen Sindikatuarentzat oso zaila da mahai horretan gure lan arazoen inguruan negoziatzea.

Egoera aldatu ezean, zein da zuen kezka nagusia?
Lan baldintzak okerrera joatea. Lan-karga handitu egin da eta zailagoa da lanaren eta kanpoko bizitzaren arteko orekari eustea.

Grebaren astebeteko epealdietan zer zerbitzu minimo bermatuko dituzue?
Zerbitzu minimoak bermatuta daude. Urgentziak egongo dira, anbulatorioetan ere zerbitzu minimoak egongo dira. Ezinbesteko kontsulta guztiak bermatuko dira.

Gaia aldatuz, pertsonal faltaz ere kexatu izan zarete; nola dago egoera zure kasuan, Debagoieneko Ospitalean?
Mediku falta ez da Arrasateko kontua bakarrik. Medikuen eta fakultatiboen falta orokorra dago, eta gure mugen gainetik lan egiten dugu. Anbulatorio batean bost mediku behar diren tokian hiru badaude, lan-karga handitu egiten da.

Egoera horretan, larrialdietako mediku gisa, zerk motibatzen zaitu lanean jarraitzera? Zerk motibatzen zaitu aurrera egitera?
Mediku guztiok maite dugu gure ogibidea, horregatik egin ginen mediku. Pertsonak zaindu behar ditugu eta horrek motibatzen gaitu lanean jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!