"Durangoko klasikoa ondo prestatzeaz tematuta nabil"

Joseba Derteano 2026ko otsailaren 22a

Laida Alzolak (Iurreta, 2007) hainbat emaitza azpimarragarri lortu zuen iaz Mirat Team-egaz. Denen gainetik, 19 urtez azpiko Portugalgo Voltan lortutakoak daude: garaipen bat, podium bat eta laugarren postu bat, hiru eguneko itzulian. Horri Errenteriako eta Etxarri-Aranatzeko podiumak gehitu behar zaizkio. Aurten, eliterako saltoa eman du Eulen-Amenabar taldeagaz, eta mundu berri bat zabaldu zaio.   18 urtegaz, UCI mailako itzuli batean debutatu du. Durangoko klasikoan parte hartzeak ilusio berezia egiten dio. Proba honi estimu berezia dio umetatik

Zelakoa izan da 23 urtez azpiko mailako debuta?
Handira jotzea lakoa izan zen. Mallorcako Itzulian debutatu nuen, UCI mailako lasterketan eta profesionalez inguratuta. Imajinatu! Neguan Calpe inguruan (Valentzia) entrenatzen ibili nintzen. Han kilometro asko pilatu nuen, egunero entrenatuta. Beraz, beldurrik barik joan nintzen Mallorcara, baina, hori bai, errespetu handiz. Zoritxarrez, lehenengo etapako 20. kilometroan jausi egin nintzen. Pena da, baina, tira, egoerari buelta eman eta lasterketa amaitzea lortu nuen; gustura nago egindako lanagaz, eman nezakeen dena eman nuen eta.

Zertan igarri duzu aldea iaztik hona?
Beste mundu bat da. 30 kilometro orduko batez bestekora ohituta nengoen eta Mallorcan 40 kilometro ordukotik gora ibili ginen. Beraz, sekulako jauzia dago eta ez du zerikusirik ezagutzen nuenagaz. Baina erronka berri hau asko gustatzen zait. Lehen, denok elkar ezagutzen genuen, proba osoan elkar zaintzen egoten ginen, eta helmugara heldu eta "ez dut dena eman" esaten nuen. Orain leher eginda heltzen naiz. Ez dut ezer gehiago izaten barruan. Sentsazio hori gehiago gustatzen zait. Entrenamenduak gehiago aprobetxatu ditudala iruditzen zait. Eta ederra da irteera puntuan alde batera begiratu eta Cat Ferguson ikustea, bestera begiratu eta Marlen Reusser ikustea, nire erreferente diren txirrindulariak. Beste maila batean daude, jakina, baina eurekin batera korritzeko aukera izatea itzela da.

Zelan sentitzen zara Eulen-Amenabarren?
Oso pozik. Hasieratik oso gertuko jendea iruditu zitzaidan, familia baten modukoa, eta, gerora, hala dela egiaztatu dut. Giro bikaina dugu eta asko baloratzen dut hori.

Zeintzuk dira aurtengo helburuak?
Kategoria berri honetara egokitzea da helbururik inportanteena. Gero, lasterketei dagokienez, Durango-Durango klasikoa buru-belarri prestatzen nabil. Astean pare bat bider zirkuitu hori egiten nabil entrenamenduetan. Lasterketa ondo egiteaz tematuta nago. Umetatik urtero-urtero amagaz eta aitita-amamekin ikusi dut karrera hori San Juanen. Parte hartzeak bakarrik sekulako ilusioa egiten dit.

Zer deritzozu San Juaneko igoerari? 
Asko gustatzen zait. Zenbat eta aldats gogorragoa izan, hobeto niretzat. Lehen, hobeto moldatzen nintzen esprintean eta lasterketa ez hain gogorretan, baina azken hileetan konturatu naiz oso ondo nabilela aldats gogorretan. Lehen, aldatsetan ez nenbilen ondo, baina pisua galdu dut, buru-belarri ibili naiz mendateetan gora eta behera, eta esango nuke bide honetik noala. Arlo guztietan ondo dabilen ziklista naizela esango nuke, egoera desberdinetara egokitu naitekeela.

Amak urte asko eman du ziklo-krosean. Beragandik datorkizu afizioa? 
Bai. Umetatik bizi izan dut etxean. Aurretik, eskian eta triatloian ibili zen. Amaren aholku guztiak oso baliotsuak dira niretzat. Berak beti dio ziklo-krosean ez zela ona, baina niretzat erreferente nagusia da. Ama aldamenean izatea garrantzitsua da niretzat. Lasterketa guztietara laguntzen dit. Mallorcara ama, amama eta ahizpa etorri ziren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!