Ainhoa, zelan gogoratzen duzue Zaldairen hasiera?
Ainhoa Brabo: Elkartzeko leku bat gura genuen gazte kuadrilla bat ginen. Abadetxera sartu ginen eta rokodromo txiki bat sortu genuen bertan, materiala gordetzeko. Hor sortu zen dena. Mendira joateko joera genuen eta irteerak antolatzen hasi ginen. Oso garai polita izan zen. Kuadrillakoak elkartzen ginen mendira irteerak egiteko edo bestelako ekitaldiak prestatzeko.
Orain dela 25 urte, zeintzuk irteera antolatzen zenituzten?
A.B.: Mendira, eskalatzera, piraguan ibiltzera, eskiatzera… Gazteentzat ez zegoen ezer eta mendian ondo pasatzen genuen.
Nondik dator Zaldai izena?
A.B.: Lagun kuadrilla hartako asko Zaldai errekara joaten ginen askotan, umeago ginenean. Gure umezaroan elkartzeko leku bat zen. Bada, denon artean adostuta mendi taldeari izen hori ipini genion.
2007an Abadetxea erre egin zen eta eten bat gertatu zen.
A.B.: Bai. Gure ametsak han geratu ziren neurri batean, eta gure material osoa ere bai. Rokodromoa, han genituen piragua batzuk… guk baturiko diruagaz lorturiko material apurra. Nahiko jota geratu ginen.
Gero, zuek hartu zenuten lekukoa, Iban.
Iban Uribetxebarria: Mendiko jarduerekin lotuta hutsune bat zegoela ikusten genuen eta halaxe animatu ginen. Jai Batzordearen laguntzagaz Iurretako mendi martxa antolatu genuen lehenengoz, eta jendea pozik ikusita aurrera jarraitu genuen. Bazegoen mendi taldea berreskuratzeko gogo bat. Ilusioz gogoratzen ditut garai haiek. Ofizialki sortu genuen elkartea, mendi federazioan sartu ginen. Dena berria zen guretzat, pozik hartu genuen lekukoa, herrian ondo hartu zutelako Zaldai berriro martxan ipintzea.
Mendian ibiltzeko modua aldatu egin da denbora honetan?
I.U.: Garai batean, jendea gehiago joaten zen mendi taldeek antolatutako irteeretara, Euskal Herriko zein kanpoko mendietara. Gaur egun norbera bere kontura edo familian ibiltzen da gehiago, eta ez du mendi taldeen beharrik.
Zer da zuentzat mendia?
I.U.: Lasaitasuna topatzeko leku bat, naturagaz kontaktua izateko leku bat.
A.B.: Mendira bakardadea topatzera joaten naiz askotan.
Mendi bat?
A.B.: Niretzat Larrano oso berezia da, ahizparen errautsak han daudelako botata.
I.U.: Alluitz gustatzen zait.