Zaldai mendi taldearen sortzaileei omenaldia egingo zaie Iurretako IX. Mendi Astearen barruan

Anboto 2026ko urtarrilaren 27a

Zaldai mendi taldeak antolatuta Gallandara egiten duten irteeraren artxiboko irudia (Argazkia: Zaldai mendi taldea)

Duela 25 urte eman zituen lehen pausoak Zaldai mendi taldeak, Abadetxearen aterpean. Gazte sortzaile haien lana aitortzeko eta urte guzti hauetan bolondres lan egin duten guztiei eskerrak emateko ekitaldi berezia egingo dute Askondon, urtarrilaren 30ean.

Urteurren borobila du aurten Iurretako Zaldai mendi taldeak. 25 urte bete dira taldeak lehen pausoak eman zituela herriko gazte batzuen ekimenez,  Abadetxearen aterpean. Urtarrilaren 30ean, gazte haien lana aitortzeko ekitaldia egingo dute Iurretako IX. Mendi Astearen barruan. Abadetxea erre ondoren, lekuakoa hartu zuen taldearen lana eta urte guzti hauetan bolondres moduan jardun duten mendizale guztiena ere aitortuko dute. Askondoko aterpean izango da ekitaldia, 18:30ean.

Duela 25 urte Abadetxearen bueltan elkartutako herriko hainbat gaztek hainbat proiektu bultzatu zituzten herrian; horien artean, mendi taldea sortzea. "Hutsetik hasiz, errifak aterata, errokodromoa eraiki zuten eta mendi abenturari loturiko ekintzak antolatu zituzten", Zaldai mendi taldeko ordezkariek azaldu dutenez. "Abadetxea erre ondoren, hainbat proiektu bertan behera geratu ziren, tartean mendi taldea. Bada, belaunaldi berriek herriak mendiagaz lotutako aisialdian zegoen hutsunea ikusita Zaldai mendi taldea bersortu zuten", gaineratu dutenez. Ondoren, bidelagun berriak batu dira mendi taldera, "gaurdaino ekintzaz beteriko ibilbide oparoa osatuz".

Asteburuari begira Basatzan bizikleta martxan eta Gallandara irteera antolatu ditu Zaldai mendi taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!