Iurretako zuhaitz landaketa bertan behera, abisu horiagatik

E.H. 2026ko urtarrilaren 24a

Laster data berria jarriko dute. 120 arbola landatu gura dituzte Laixiarren.

Iurretarrek arbolak landatzera irteteko hitzordua zeukaten biharko, baina abisu horia dela eta, antolatzaileek bertan behera utzi dute egitasmoa. Edozelan ere, laster data berria iragarriko dute. Halantxik jakinarazi dute sare sozialetan.

Maiztegiko guraso elkarteak, Zaldai mendi taldeak eta Iurretako Kofradiek 120 arbola landatu gura dituzte Laixiarren. Gereziondoak, gaztainondoak eta otsalizarrak nagusiki. Esan bezala, baina, ekintza hori aurrerago egingo dute.

Euskalmeten iragarpena

Domekan mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, eta goizetik aurrera euritara joko du. Goizeko lehen orduetan giroa atseginagoa izango da, hegoaldeko haizearekin, han-hemenka euri pixka bat egin dezake. Tenperatura maximoak zapatukoak baino gradu pare bat altuagoak izango dira. Alabaina, goizak aurrera egin ahala eguraldia aldatu egingo da. Haizeak mendebaldera egingo du eta indartu egingo da, batez ere Kantauri isurialdean, eta boladaka oso gogor joko du. Kostaldetik hasita euria denera iritsiko da eta zaparrada mardulak botako ditu, eta ekaitzak jo dezake; prezipitazioak ugariagoak izango dira Kantauri isurialdean. Elur-kota 900-1100 m artean egon daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!