Noiz konturatu zinen triatloiko bizitza profesionala azkenera heltzen zebilela? Momentu konkreturen bat dago ala apurka gertatu da?
Alde batetik, nahiko naturala izan dela esango nuke, adinagaitik. Adin batetik aurrera, badakizu lehenago edo geroago etorriko dela amaiera. Bestetik, oso urte konplexua izan da, egia esanda. Urte asko dira eta kontziente naiz goi mailan mantentzeak zer dakarren. Bai neuretzat eta baita nire ingurukoentzat ere. Eta denbora izan dut pentsatzeko. Energia beste nonbait ipintzeko gogoa sortzen da. Oso urte gogorra izan da amaierakoa, asko kostatu zait berriro lehiatzea, baina, tira, hainbeste urte joan eta gero, prozesu natural baten modukoa izan da. Gorputzak beste erritmo bat behar duela sentitzen duzu.
Beraz, faktore bat baino gehiago izan da.
Adinaren faktorea kakotx artean esan beharko nuke, nire bizitzako denboraldirik onena egitetik nentorrelako, baina azkenaldian asko kostatzen zitzaidan. Azkenean ere maila onean ibili naiz, baina kostu handiaren truke: fisikoki, emozionalki, bidaiatzea geroago eta gehiago kostatzen da, hain denboraldi luzeak prestatzea, sakrifizioa... Motxila geroago eta astunagoa zen eta denak gehiago eragiten du zure inguruan eta ingurukoengan. Horrez gainera, denbora gutxiren barruan aita hil zitzaidan eta ebakuntza bat izan nuen. Parentesi horretan erretiroa hartu nezakeen, "dagoeneko egin dut egin beharrekoa" pentsatuta, baina errekuperatu eta berriro lehiatu gura nuen.
"Nire bizitza Konaren inguruan biratu da. Lorpenak ekarri dizkit, baina hustu egin nau"
Zure ibilbideari errepidean esan gura zenion agur.
Bai, azken batean kirolaria naiz eta nire gorputza errekuperatuta zegoela sentitu gura nuen agur esan aurretik.
Aurrera begira, zer asmo duzu? Pistaren bat eman dezakezu?
Egia esanda, ez daukat argi nondik joko dudan. Oraingoz atseden hartzen nabil.
Zure ibilbidea distantzia luzeko lasterketek markatu dute. Zure lehenengo ironman erdia 2009an lehiatu zenuen. Lasterketa hori mugarri izan zen zure ibilbidean?
Distantziak apur bat igotzen hasi nintzen sasoi hartan: esprinta lehenengo, distantzia olinpikoa ondoren… eta 2009an aipatu duzun Ironman erdia egin nuen. Distantzia luzeko lasterketak egiten hasi nintzenean, arlo horretako jende gehiago ezagutzen hasi nintzen: kirolariak, klubak, txapelketak... eta triatleta legez gehiago entrenatzen hasi nintzen. Kontua serioago hartu nuen eta neure burua triatleta legez ikusten hasi nintzen. Hurrengo jauzia 2011 amaieran eman nuen, Espainiako Distantzia Luzeko txapelketa irabazita. Ordura arte triatloia beste lan bategaz uztartzen nuen. Baina 2012tik aurrera triatloi profesionalaren aldeko apustua egin nuen. Nire ogibide bihurtzen ahalegindu nintzen. Gero, urtero hobetzen joan nintzen. Triatloia nahiko kirol berria da beste batzuekin alderatuta, eta esan daiteke triatloiko kirol maila urtetik urtera handitzen joan den neurrian neu ere neure maila hobetzen joan naizela. Nire gorputzak dena eta gehiago baimendu dit, inoiz ere ez dut lesiorik izan eta. Azken unera arte ez dut geldialdirik egin eta proiektu bat beste bategaz lotu dut etengabe. Neurri batean, horrexegaitik amaitu dut hain hustuta. Hainbeste urtean geratu barik, oso intentsoa izan da. Baina horrek poza eta harrotasuna ere ematen dizkit.
Lau Ironman irabazi dituzu: Vichy Frantzia, Cozumel birritan Mexikon eta Gasteizkoa. Zein da garaipenik esanguratsuena zuretzat?
Ez nuke bat aukeratuko. Denek dute zeozer berezia. Vichy berezia izan zen lehenengoa izan zelako eta Ironmaneko munduko txapelketara sailkatu nintzen. Gainera, beste gauza bategaitik ere izan zen berezia: onenen artean nengoela sinetsarazi zidan. Sailkapenean ondo kokatu nintzen eta neure buruarengan konfiantza handiagoa hartu nuen. Cozumeleko garaipenak hainbat arrazoigaitik dira bereziak. Batetik, aurreko urtean nire markarik onena eginda bigarren geratu nintzen, eta pentsatu nuen "nire onena emanda bigarren geratu banaiz, inoiz ere ez dut irabaziko". Bada, hurrengo urtean irabazi egin nuen, lehenengoz, eta ondoren beste garaipen bat heldu zen. Bestetik, Cozumel irlara sarritan joan naiz Hawaiiko munduko txapelketa prestatzera, jende askok ezagutzen nau han, asko maite naute, eta etxean irabaztea lakoa izan zen. Gasteizkoari buruz zer esan! Etxean lorturiko garaipenak beti dira bereziak. Jendeak nire ibilbidea ezagutzen zuen, baina euren aurrean irabaztea eta zaleen berotasuna sentitzea sentsazio deskribaezina da.
'Kona' berba esaten badizut zer esan gura du zuretzat?
Munduko txapelketa. Nire bizitza Konaren inguruan biratu da 2015etik. Distantzia luzea egingo nuela erabaki nuenetik, nire egutegia, nire etxea, nire bikotekidea, nire bizitza... dena helburu horri begira antolatu dut. Orain, pentsatzen dudanean, amodio-gorroto apur bat sentitzen dut. Izan ere, energia handia eskatu dit, urte asko eman dut hor. Lorpen handiak ekarri dizkit, baina hustu egin nau indar aldetik. Ahalegin handia izan da eta ez nirea bakarrik, baita nire ingurukoena ere. Konara joan izan naiz jakinda handik bueltan beste karrera bat egin behar nuela hurrengo urterako sailkatzeko. Oso kirol exigentea da. Entrenamendu asko egin dut altueran, Sierra Nevadan esaterako, eta horrek etxetik kanpora egotea dakar. Baina merezi izan duela uste dut. Kirol honek nire onena atera didala sentitzen dut.

Askotan parte hartu duzu munduko txapelketan. Emaitzarik onena ST. Georgen (AEB) lorturiko bederatzigarren postua da. Urte hartan han lehiatu zen, pandemiaren ondorioz. Munduko txapelketan oroitzapenik onena utzi dizun lasterketa da? Zein oroitzapen datorkizu burura?
Zapore ezberdinak dira. Konako lehenengo urtean txarto amaitu nuen, baina gero ikusi nuen hamar onenen artean egon nintekeela. Ondorengo txapelketa batzuetan aho zapore onagaz amaitu nuen, baina kanpora begira emaitza da saltzen dena. Orduan, St. George-en lorturiko bederatzigarren postua esanguratsua izan zen. Urteak neramatzan "lortu dezaket" esaten, baina eliteko kirol profesionalean gauzak frogatu egin behar dira, eta emaitzak froga bat dira. Nire lanaren eta ingurukoenaren justifikazio bat izan zen.
Zure lorpenen artean ondoko hau ere azpimarragarria da: Ironmanean zeu zara inoizko denborarik onena duen estatuko emakumea Ironmanean. Cozumelen izan zen: 08:31:12.
Cozumelgo lasterketa horretan sentsaziorik onenak izan nituen, Hegoafrikakoagaz batera. Bero egiten zuen eta beroagaz denborak eskasagoak izaten dira, baina ni oso aklimatatuta nengoen irlara, eta, gainera, euria egin zuen. Baldintza egokiak ziren eta oso ondo sentitzen nintzen. Sufrimenduaz gozatu nuen, asko sufritzeko gai izan nintzen.
Esango nuke triatloi zale eta arloko komunikabideen artean badagoela adostasun bat: Euskadin ez ezik Estatuan ere zeu izan zarela distantzia luzean egon den emakumezko triatletarik onena. Nola sentiarazten zaitu iritzi horrek?
Harro sentiarazten nau, jakina. Urte askoan konpromiso handia eskaini diot kirol honi eta baloratua sentitzeak poza ematen dit. Jendea emozionatu egin da nigaz eta nire ibilerei jarraitu diete. Elkarregaz egin dugu bidea. Horrek ni neu emozionatzen nau. Eta harritu egin nau erreferente izateak hainbeste jenderentzat, gizon, emakume zein profesionalentzat. Emozionantea eta harrigarria izan da. Eskerrak eman besterik ez dut babes horregaitik.
Kirol ibilbide profesionala uzteko erabakia hartu duzunetik zer errekuperatu duzu? Igarriko zenuen aldea egunerokotasunean.
Badaude gauza batzuk berreskuratzen ez direnak, denbora asko joan delako: lagunek seme-alabak dituzte, aita joan egin zait… Azken batean, benbora askoan egon naiz etxetik kanpora. Bizi-etapa ere aldatu dut, ia 45 urte ditudalako. Baina, batez ere, nire familiari egunerokoan kendutako denbora da errekuperatu ezin dena.
Triatloi profesionaletik erretiratzeak ez du esan gura lasterketetatik erretiratuko zarenik. Ala bai? Zein helburu duzu etorkizunera begira?
Ez daukat argi. Kirola egiten jarraituko dut, nire osasun fisiko eta mentalagaitik. Baina triatloian jarraituko dudan ala ez, hori ez dakit. Oraingoz, atseden hartu eta ondo errekuperatu gura dut. Entrenamendu kargaren jaitsiera planifikatu behar dut. Ezin da bat-batean utzi; apurka-apurka egin behar da, nire gorputza ordu askoan entrenatzera ohituta dagoelako eta bat-batean gelditzea txarra izan daitekeelako. Modu mailakatuan egin behar dut.

|
PALMARESA Gurutze Fradesek palmares oparoa pilatu du bere ibilbidean. Hauek dira bere lorpenik esanguratsuenak. Ironmana Munduko Txapelketa Ironman probak Munduko Triatloi Txapelketa (ITU) distantzia luzean Espainiako Triatloi Txapelketa Euskadiko Triatloi Txapelketa Euskadiko Duatloi Txapelketa Lorpen gehiago • Espainiako errekorra emakumeetan Ironman distantzian: Cozumel (Mexiko), 2021. Denbora: 08:31:12 |