Maiztegirako jolastoki "duin" baten aldeko jaia egingo dute Askondon

Anboto 2026ko urtarrilaren 14a

Maiztegi guraso elkarteak gabonetan ere aldirrakatu zuen jolastokiaren eraldatzea (Argazkia: @maiztegi_gurasoelkartea)

Aldarrikapena eta jaia uztartuz Maiztegi herri eskolakorako jolastoki "duin" baten aldeko jaialdia egingo dute Iurretan, urtarrilaren 17an.

Maiztegi herri eskolako jolastokiak aurrez aurre jarri ditu Iurretako Udala eta Maiztegi guraso elkartea. Ikastetxeko jolastokiaren egoeragaz kezkatuta patioa eraldatzeko landutako proiektua garatzeko "adostutako pausoak" ematea eskatu dio udalari guraso elkarteak. Hala ere, EAJk osatutako gobernu taldeak ez du egitasmoa gauzatuko "finantzaketa ziurtatu arte". Halaxe azaldu zuen Oskar Koka alkateak iazko abenduan. Horren aurrean, guraso elkarteak bere "haserrea eta kezka" adierazi zuen. Jakitera eman dutenez, "Maiztegirako inbertsio zehatza eskatzen jarraituko dugu. Hau da, ahaztu edo betetzen ez diren promesetatik haratago, ofizialki inbertsioa egingo dela ziurtatzea behar dugu".

Bada, zapaturako aldarrikapena eta jaia uztartzen dituen egitaraua prestatu du Maiztegi guraso elkarteak. Hartara, Askondoko aterpean umeentzako hainbat ekitaldi egingo dituzte  11:00etatik 13:30era bitartean. Aurpegi margoketa, eskulanak, txapa, globoflexia eta sormen tailerrak eta jolasak egongo dira. Aldarrikapen zaratasua ere egingo dute, 12:00etan. "Jolastokia herrira eramango dugu eta iurretarrak zein inguruko herritarrak jai honetan parte hartzera gonbidatu gura ditugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!