Iurretako kirol klubak Larrakozelai futbol zelaiko instalazioen kontrako "sabotaje ekintza berria" bat salatu du asteon. Ezezagunek bulegoko leihoetako bat apurtu dute su-itzalgailua erabilita, eta tabernako pertsiana "behartu". Zuzendaritzak esan du hau ez dela gertakari isolatua izan. Era berean, udalari eskatu diote instalazioen "zaintza eraginkorra" egiteko.
Gertaera horien aurrean, Iurretako EH Bilduk udal-eraikin edo azpiegiturei eragiten dien "edozein ekintza bandaliko edo sabotaje" gaitzetsi du, ohar batean. Era berean, udalak segurtasun neurriak ezartzea "behar-beharrezkoa" dela adierazi du. Dena den, talde independentistak argitu gura izan du Iurretako kirol klubak udalari egindako eskaeraren inguruko informaziorik ez duela jaso.
Azaroaren 5ean, Iurretako kirol elkarteak futbol zelaian bideozaintzarako kamerak jartzeko eskaria aurkeztu zuen idatziz udaletxean. EH Bilduk gogoratu duenez, "horrelako eskaerak gobernu-taldeak jaso eta kudeatzen ditu. Eta, Iurretako gobernu taldea, gaur egun, EAJko zinegotziek soilik osatzen dute". Gaineratu dutenez, " ezin ahaztu gaur egungo Kirol taldeko presidentea EAJko zinegotzia dela, eta kirol elkarteekin harremanak aztertzen dituen Herritartasuna udal batzordeko kidea ere bai".
EH Bilduk dioenez, "ez da onargarria udal oposizioko alderdien ordezkariei ardura politikoak edo komunikazio akatsak egoitzi nahi izatea".
EH Bildutik "errespetua eta zuhurtzia" eskatu dute gai horretan. "Ez dugu onartuko ardura politikoak lausotzeko helburuarekin gure izena nahastea, ezta benetako segurtasun eta bizikidetza arazoak udal gobernuaren erantzun faltaren atzean ezkutatzeko erabiltzea ere", nabarmendu dute. Iurretako elkarteagaz "gardentasunez" eta "elkarlanean" jarraituko dutela gaineratu dute, "orain arte egin dugun bezala".