Urte berria hasi berri dugu, eta berarekin batera etxeetara batzuen buruak zuritzeko propaganda merke bat heldu da, inungo zilegitasunik ez duena beste behin ere.
Bertan, udal gobernuak hezkuntzaren eta bereziki Maiztegi Herri eskolaren aldeko apustua irmoa dela dio eta patio inklusiboaren proiektuari dagokionez beraien konpromisoa argia dela. Hitz politak berriz ere herritarrok tontotzat hartzen gaituztenen ahoetan… Nola azaldu herriari apustu irmoa eta konpromiso argia dutenak behin eta berriz honen kontra bozkatzea?
Ez gara zuen jokoan sartuko, ez ditugu enegarrenez zuen gezurrak eta joko zikina puntuz-puntu aipatuko, azken finean, egia ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago. Baina gauzak argi eta garbi esango ditugu beste behin.
Gure eskola larrialdi egoera baten dago, urteetan zehar bere ustezko lehentasuna izan den udal baten utzikeriaren ondorioz, eta gu honen alde ari gara lanean.
Gu, Maiztegi Herri Eskolako haurren familiak gara, gure interes bakarrak gure haurren ongizatea, segurtasuna eta duintasuna dira. Ez dugu zuen aldetik errespetu falta gehiagorik onartuko! Guk ez dugu zuen politika jolas kutre horretan parte hartzen. Ez dugu onartuko inundik inora Iurretako EAJk, instrumentalizazio politikoa eta interesatua erabiltzen dugula esaterik, ezta manipulatzeaz eta populismoa erabiltzez akusatzerik!
Nahikoa da! Zuek, herritarrak ordezkatzeko zaudete udalean! Ez herritarrei gezurretan aritzeko, ezta gu iraintzeko!
Utzi familiak iraintzeari eta herritarrei gezurrak kontatzeari eta egizue behingoz egin beharrekoa!
Kea saldu eta gero plenoetan lasai asko kontra bozkatzen ibili beharrean, eman Maiztegi Herri Eskolari behar duen inbertsioa!
Ane Zarate Onaindia
Mindutako familien izenean