Joan zen abenduaren 17an osoko bilkura egon zen Iurretako Udalean. Bertan, gobernu taldeak ez zuen onartu EH Bilduk Maiztegiko jolastokia eraldatzeko aurkeztutako finantzaketa proposamena. Eta bertan azaldu zuten, finantzaketa ziurtatu arte ez dutela jolastokia eraldatzeko proiektua gauzatuko. Hala ere, Maiztegi eskolaren proiektuaren jarraipen-batzordea eta Hezkuntza Foroa eratzea onartu zuten.
Honen aurrean, guraso elkarteak bere "haserrea eta kezka" adierazi du, eta ezezkoaren arrazoiak ez direla ekonomikoak esan dute, baizik politikoak. "Azken urteotan izan dugun susmoa baieztatu da: Iurreteako EAJk ez du benetako konpromisorik ezta borondaterik ere Maiztegiko patioaren eraldaketa aurrera eramateko. Lau urtez elkarrekin egindako lana eta adostasuna ezerezean geratu dira. Herrian dagoen eskola publiko eta bakarra erortzen utziko dute", azaldu dute. Eta beraiek eskatzen dutela ez dela "kapritxo bat" azpimarratu dute.
Oharra honako galdera hauekin bukatu dute: "Ez al da urgentzia gure haurren ongizatea? Ez al da lehentasuna gure seme-alabek eskola duin eta inklusibo bat izatea? Ez al da urgentzia etorkizuneko herritarrak hezteko baldintza egokiak bermatzea?".