Zelakoa da instalakuntza prozesua?
Prozesu osoaren kargu egiten gara. Aurreko azterketa pertsonalizatua egitea da lehenengo pausoa. Oso prozesu garrantzitsua da, enpresa bakoitzak bere berezitasunak eta beharrak dituelako. Azterketa eta aurrekontua ditugunean, instalazioa egiten dugu, gehienbat enpresako langileekin. Obra-lizentzia, erakundeen baimenak… Denaren kargu egiten gara prozesua amaitu arte.
Zeintzuk onura ekarriko dizkio enpresari horrelako instalazio batek?
Instalakuntza martxan ipintzen den egunetik bertatik energia aurrezten hasiko da; bestela esanda, lehenengo egunetik argindar fakturak behera egingo du. Ez kontsumoagaitik bakarrik, baita kilowatt bakoitzagaitik ordaindu beharreko zerga aurrezten delako ere. Horrez gainera, urteko kontsumoa aurreikustea errazagoa da, portzentajeak finkoak direlako. Argindar elektrikoaren kasuan, ostera, argindarraren prezioa aldagarria da eta bat-batean gorakada handia izan dezake, urte hasierako aurreikuspenak apurtuz.
Badago diru laguntzarik?
Hainbat diru laguntza dago. Esaterako, Energiaren Euskal Erakundeak diru-poltsa handi bat bideratua du eta diru laguntza horrek oso ondo funtzionatzen du. Puntualak diren laguntzak ere egoten dira, Aldundiarena eta Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarena, kasu. Gainera, laguntza hauek bateragarriak dira.
Beharrizanak aldatu egiten dira enpresa batetik bestera?
Bai. Enpresa bakoitzak bere beharrizanak ditu. Esaterako, gauez ez dago ez eguzkirik ez ekoizpen fotoboltaikorik; beraz, gauez ere lan egiten duen enpresari bestelako irtenbideak eskaini behar zaizkio ordu horietarako: bateria bidezko biltegia edo antzerakoak.
Zuen lana ez da azpiegiturak ipintzen dituzuenean amaitzen.
Hori da, ez gara azpiegiturak ipintzera bakarrik mugatzen. Hasierako hileetan bezeroaren energia kontsumo ohiturak aztertzen ditugu eta azpiegiturari ahalik eta etekinik handiena ateratzen laguntzen diogu bezeroari. Une honetan 90 bat instalazio monitorizatzen ari gara. Goizero ikusten dugu euretariko bakoitzean ea intzidentziarik egon den, eta, hala bada, segituan jakinarazten diogu bezeroari.
Eguzki panelen bidezko argindarra teknologia fidagarria da?
Oso fidagarria. Azpiegitura fotoboltaikoetan egoten diren arazorik gehienak Interneteko konexioari lotutakoak dira, bezeroak operatzailea aldatu duelako edo antzerako zerbaitengaitik. Irtenbidea erraza da: wifiari parametroren bat aldatu eta kito.
Zelakoa da mantenimendua?
Instalazioaren mantenu prebentiboa egitea gomendatzen dugu, sortu daitekeenari aurrea hartzeko. Horretarako, droneak erabiltzen ditugu. Gainetik hegan egin eta instalazioaren egoera gainbegiratzen dugu. Droneetako kamera termiografikoen bidez informazio baliagarri asko jasotzen dugu. Esaterako, puntu bero batek panel bat aldatzea komeni dela adierazi dezake. Bestetik, LiDAR geokokapen teknologiaren bidez panelek urtetik urtera desplazamendurik izan duten zaindu dezakegu.
Inteligentzia Artifiziala baliatzen duzue?
Ahalik eta zerbitzurik osatuena eta onena eskaintzeko, eskuragarri dauden baliabide guztiak barneratzen ahalegintzen gara eta Inteligentzia Artifiziala euretariko bat da. Mantenimenduari buruz ari garenez, Inteligentzia Artifizialari eskerrak urte batetik besterako alderaketa zehatza egin dezakegu hainbat arlotan: kontsumoa, erresistentzia, kableen isolamendua… Alderaketa horrek esaten du azpiegituraren urte batetik besterako higadura ohikoa den ala bestelako arazoren bat egon daitekeen. Lehen, daturik datu, denbora asko eskatzen zuten prozesuak dira eta orain minutu gutxitan egiten dira. Jakina, giza-faktorea ere funtsezkoa da, jasotako datuak egoki interpretatzeko, baina Inteligentzia Artifizialak arreta benetan garrantzitsua den tokian ipintzen laguntzen digu.
Durangaldean ipinitako azpiegituraren baten adibiderik baduzu?
Berrizko Udalarentzat autokontsumo kolektiborako hiru instalazio fotoboltaiko egin ditugu, eraikin publikoak eta kiroldegia eguzki energiaz hornitzeko. Bata Berrizburun dago, garai bateko zabortegiko eskailera-maila batean; beste bat Matzako ur-depositu bateko estalkiaren gainean, eta hirugarrena kiroldegian bertan.
Beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen duzue. Auto elektrikoentzako kargagailuak ipintzea da euretariko bat. Gatx da ipintzea?
Familia bateko etxebizitzetan erraza da, lurzorua zeurea delako. Hainbat solairuko eraikin bat bada eta garaje komunitarioa badu, azpiegitura egingarria da. MOVES Planaren bidez, % 70eko dirulaguntza lortu daiteke kargagailua ipintzeko. Aurreinstalazioa egiteko ere badaude diru laguntzak, azpiegitura koherentzia eta ordena baten barruan egiteko.