Iurretako udalbatzak 2026rako ordenantza fiskalak onartu ditu asteon, aho batez. Horren barruan, etxebizitza hutsei %50eko errekargua ezarriko zaie Ondasun Higiezinen gaineko zergan (OHZ). EH Bilduk egindako ekarpen hori jasota, udalak "higiezinen parkearen erabilera eraginkorra sustatu eta udalerrian etxebizitzaren erabilgarritasuna bultzatu" gura du. Bestalde, Ekonomia Jardueren gaineko zergan (EJZ) zegoen %50eko hobaria kenduko dute, talde subiranistak proposatuta.
Orokorrean, %3 igoko dira udal zergak, tasak eta prezio publikoak, datorren urtean. Udal arduradunek azaldu dutenez, "udal zerbitzuen kostuen igoerari egokitzeko beharrak" bultzatuta erabakai dute igora. Zaborraren gaineko tasa, berriz, %40 igoko da. Oskar Koka alkateak azaldu duenez, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko legea betetzeko. "Horri esker, zerbitzuaren benetako kostuak beteko dira, eta kudeaketa-eredu jasangarriago eta eraginkorrago baterantz aurrera egingo da", nabarmendu dute.
Bestalde, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren (TMIZ) tarifak ere berrikusiko dira, "inguruko udalerrietan indarrean daudenetara egokitzeko eta ekainaren 30eko 7/1989 Foru Arauan ezarritako mugak errespetatzeko", udal ordezkariek azaldu dutenez.
Koka alkatearen berbetan egindako aldaketak "jasangarritasun eta erantzukizun fiskaleko irizpideak" kontutan hartuta egin dira, "zerbitzu publikoen kalitatearen eta zergadunen ahalmen ekonomikoaren arteko oreka bilatuz".
PSE-EEko Julen Callejaren berbetan, "poztekoa da zerga eta tasak eguneratzeko eta herriaren onurarako diru bilketan lanean jarraitzeko borondatea egotea ".