Iurretako Udalak etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak eskainiko ditu gazteentzat, aurten ere bai. Herrian erroldatutak 18-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntzak dira, eta azaroaren 16tik abenduaren 15era arte egin daitezke eskariak. Herritarren Arretarako Zentroan (HAZ) eskuratu daitezke deialdirako oinarriak.
Udalak 9.000 euroko diru-poltsa lotu du, aurten ere. Dirulaguntzaren zenbatekoa etxebizitzaren hileko alokairu-prezioaren % 50 izango da, komunitate-gastuak eta etxebizitza-eranskinak kenduta. Udal arduradunek zehaztu dutenez, gehienez, hilean 250 euroko diru-laguntza lortzeko aukera izango dute gazteek. Deialdiaren helburua da, "gazteei emantzipatzeko eta helduen munduan sartzeko prozesuan laguntzea. Era berean, gazteen artean Iurretan alokairuko etxebizitza bat eskuratzea sustatzea".