Iturburun dauden ortu ludikoetariko bat eskuratzeko izena emateko epea zabaldu du Iurretako Udalak berriro. Bost urterako emango dira ortuak, eta lehentasuna izango dute aurretik ortu horietako baten erabilpena izan ez duten herritarrek (familia unitatea barne). Azaroaren 27ra bitartean egin daiteke eskaria HAZn, 75 metro koadro dituen ortua eskuratzeko.
Iturburuko ortu ludikoek herritarrei lurra lantzeko eta norberaren kontsumorako fruta eta barazkiak lortzeko espazio publiko bat eskaintzea dute helburu. Era berean, "aisialdirako eta ongizaterako alternatiba" bat eskaintzea. Udal ordezkariek gaineratu dutenez, "ingurumenarekiko errespetua eta biztanleria aktiboaren parte-hartzea sustatu gura ditu proiektuak".
Monitore baten laguntza
2026ko urtarrilaren 1etik 2030eko abenduaren 31ra bitartean iraungo du lagapenak. Eta, erabiltzaileek sei orduko ikastaro bat egin beharko dute baratzezaintza ekologikoari eta instalazioen erabilera egokiari buruz. Udal arduardunek azaldu dutenez, ortuaren mantentze-lanetarako eta erabiltzaileei aholkuak emateko monitore bat egongo da. Eta, udalak ortua lantzeko beharrezko tresnak eta makinak jarriko dituzte herritarren eskura. Baratzeko labore mota erabiltzaile bakoitzaren esku egongo da.
Eskaria egiteko NANaren eta Familia-liburuaren fotokopia aurkeztu behar dira, eta osasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Hala badagokio, langabezia-, erretiro-, pentsio- edo desgaitasun- egoeraren egiaztagiria ere aurkeztu beharko dira, udal arduradunek azaldu dutenez. Informazio gehiago lortzeko HAZra jo daiteke edo 94 620 12 00 telefono zenbakira deitu.