Divas del Soul hirukoteak hasiko du Iurretako Musikaldia, gaur

A.M. 2025eko azaroaren 7a

Bogoroditsie abesbatzako kideak.

Iurretako Musikaldiaren edizio berriak soula, jazza eta musika korala hartuko ditu hiru emanalditan. 

Gaur emango diote hasiera Iurretako Musikaldiaren edizio berriari. Divas del Soul hirukotea arduratuko da kontzertu sortari hasiera emateaz, soul musikaren historiako emakumezkoen ahotsik garrantzitsuenen errepasoa eginez. Lidia Insaustik gidatzen du hirukotea, eta Nina Simone, Aretha Franklin, Etta James zein Roberta Flack artista handien abestiak joko dituzte, besteak beste. Insaustigaz batera, Iñaki Miguel (pianoa eta gitarra) eta Andoni Etxebeste (bateria) igoko dira taula gainera. Bigarren emanaldia azaroaren 14an izango da. Femmm & Band taldearen txanda izango da orduan. Egungo jazzaren eszenan ibilbide luzea duen taldea da eta Donostiako, Getxoko eta Gasteizko Jazzaldietan egon dira, besteak beste. Azaroaren 21ean Durangaldeko Bogoroditsie abesbatza arituko da. Durangaldeko taldeak ahots musika garaikidearen aldeko apustua egin du. 

Emanaldiak Ibarretxe kultur etxean izango dira eta sarrera doakoa izango da. Dena dela, antolatzaileek sarrera erreserbatu egin behar dela azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!