Larrakozelaiko sarea moztu dutela salatu du Iurretakok

Anboto 2025ko aza. 2a, 14:37

Larrakozelaiko instalazioetan gauetan bideo zaintza jartzea eskatuko diote Iurretako Udalari. 

Bariku gauean, ezezagunek Larrakozelaiko ateko sarea moztu zuten. Zapatu arratsaldean Erregional A mailako futbol partida jokatzera joaterakoan taldeko arduradunak gertatutakoaz konturatuta, berehala hasi ziren beste sare baten bila asteburuko partidetan eragozpenik ez izateko. "Udaltzainak etorri ziren, eta partida hasi baino ordubete lehenago sare bat lortu ahal izan genuen. Asmo txarreko eta arrazoirik gabeko gorabehera hori gorabehera, Erregional A mailako taldeak Galdakaoren aurka jokatu ahal izan zuen", azaldu du Jon Biritxinaga Iurretako taldeko arduradunak. Sarearen gertaerak utzitako zapore txarrari emaitza on batekin buelta eman zioten. Izan ere, etxekoek irabazi zuten:  Iurretako-Galdakao  2-0.

Iurretakoko arduradunek gogoratu dutenez, aurretik ere "beste gertaera batzuk" izan dira Larrakozelain, denak gauean. Horregatik, Larrakozelaiko instalazioetan gauetan bideo zaintza jartzea eskatuko diote Iurretako Udalari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!