LABek Iurretako Tecnicarton enpresako langile baten kaleratzea salatu du

Anboto 2025ko urr. 27a, 15:24

LABek jakitera eman duenez, Langile Batzordea osatzeko  hauteskundeetan sindikatuaren hautagaia izan behar zuena kaleratu dute. "Langileen eskubideen eta sindikatuaren kontrako ekintza zuzena" dela nabarmendu du LABek.

Iurretako Arriandiko industriagunean dagoen Tecnicarton enpresan, Langileen Batzordea osatzeko hauteskundeetarako LABen hautagaia kaleratu dutela salatu du sindikatu abertzaleak. Azaldu dutenez, gaur osatzen da mahaia hauteskundeak egiteko. 

LABek salatu duenez, joan zen barikuan kaleratu zuten langilea, "gaurko mahai osaketan sindikatuaren hautagaitza egon ez zedin". Ohar batean azaldu dutenez, "argi daukagu kaleratze hau, langileen eskubideen eta LAB sindikatuaren kontrako ekintza zuzena dela. Ez dugu onartuko horrelako errepresiorik eta langile hau berriz onartua izan dadila eskatzen dugu".

LAB sindikatuak azaldu duenez,  Langileen Batzordea osatzeko hauteskundeak egiteko aurre abixua aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzan. Bertan langileen ordezkari izateko hautagaia nor izango zen zehaztu zuten. Gaur osatzen da mahaia hauteskundeak egiteko. Tecnicarton enpresan 26 langile daude eta grafikagintza sektorekoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!