[BIDEOA] Jatorri desberdinetako iurretarren testigantzak ezagutu ahalko dira Giza Bibliotekan

Aritz Maldonado 2025ko urr. 22a, 18:00

"Hango eta hemengo Iurretarrak" lelopean egingo dute Giza Bibliotekaren lehenengo edizioa Iurretan; urriaren 30ean izango da, 18:00etan, eta jatorri desberdinetako iurretarrak ezagutzeko aukera izango dela azaldu dute antolatzaileek. "Sorleku desberdineko herritarrak gonbidatu ditugu beraien bizipenak kontatzera, eta herritarrek horiek entzuteko aukera izango dute", azaldu du Ziortza Onaindia Ibarretxe kultur etxeko teknikariak. "Pertsona guztiok ditugu kontatzeko eta entzuteko moduko bizipenak. Ekimen honen helburua elkarrizketa irekiak sustatzea da, gure komunitatearen onarpen, tolerantzia eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko", gehitu du. 

Hain zuzen ere, ikus-entzunezko bat prestatu dute, baita ere, testigantza horien lagin bezala. Urriaren 30eko ekimenaz gainera, bariku honetarako beste ekitaldi bat antolatu dute: Lotaldia Peru Magdalena eta Ibon RG-ren ipuin kontaketa musikatua. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!